Urriaren 1ean hasi zen uso-denbora dagoeneko akautu da eta inoiz izandako tenporadarik txarrena izan da sareetan hartutako uso-kopuruari dagokionez. Patxi Elizalde usategietan 13 urte daramatzan usazaleak aipatu digunez «iaz lehendabiziko bi astetan 60 dozena hartuak genituen eta aurtengoan sasoi guzian 40 dozenarekin gelditu gara. Azaroan hagitz eguraldi txarra egin du eta txabola barrenean ordu gehiago pasatu ditugu kanpoan baino. Balorazio hagitz txarra, dudarik gabe».
Dena den, urtero bezala uso-denbora akautzearekin batera Etxalarko usazaleak Iparraldekoekin elkartuko dira. Abenduaren 1ean, larunbata, Lannen (Bearnen) bazkaria izanen dute. Ondotik uso-tenporadaren balantzea eta bildutako usoen araberako klasifikazioa eginen dute.