Osasun zerbitzuetan euskara normaltzeko eskaria Gobernuari

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 1a

Nafarroako Gobernuari osasun zerbitzuetan euskararen normalizazioa bideratzeko plana martxan jar dezan eskatuko dion «Osasunak euskaraz baleki! Ziurtatu euskararen osasuna» kanpaina abian jarri da.
Kanpainaren antolatzaileak UEMA, LAB eta ELA sindikatuak eta OEE dira eta horiek Hego Euskal Herrian kanpaina egiteaz arduratuko dira. Gure eskualdearen kasuan, horiek ez ezik Euskara Zerbitzuak kanpaina Bortzirietan, Baztanen, Malerrekan eta Leitzaldean egiteaz arduratuko dira.
Osasun alorrean euskarari sarbidea emateko eskaera behin eta berriz egin dute udalek, elkarteek eta bertzelako erakundeek. Oraingoan, horiek ere eskaera hori egiten jarraituko badute ere, kanpainaren ardatza herritarrak, hau da, osasun zerbitzuen erabiltzaileak izanen dira, nagusiki. Kanpainari hasiera emateko eta aurkezpen modura, joan den azaroaren 20an Donostian prentsaurrekoa egin zen. Egun horretatik aitzinera herri eta eskualde bakoitzean Eguberriak arte iraunen duen kanpaina hau modu ezberdinean lantzen hasi dira.
Euskarri nagusia postala da eta horren bitartez, herritar bakoitzak Osasunbideko arduradunei aipatutako eskaera eginen dio. Bakoitzak bere izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia jarri behar ditu eta horrez gain, sinatu.

Postalak Santiago Cervera kontseilariari
Postala biltzeko modu ezberdina izanen da herri bakoitzean. Toki batzuetan (ostatuetan, ikastetxeetan, osasun zentroetan...) buzoi berezi batzuk jarriko dira, datuak bete ondoren postalak horietan sartzeko eta bertze zenbait tokitan, Euskara batzordeetako kideak arduratuko dira postalak banatzeaz eta biltzeaz. Beraz, interesa duten guztiek erne egon beharko dute, bere herrian postala noiz eta nola banatuko den jakiteko.
Nafarroan bildutako postal guztiak Osasunbideko Kontseilaria den Santiago Cerverari helaraziko zaizkio, kanpainaren bukaeran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun