Erranairuak dioen bezala zapela buruan duela ibilia da munduan barna euskalduna azken bi mendeetan. XX. mende haseran adin guzietako gizasemeen ohiko jantzia zen boneta. Mende akabailan, ordea, hirutan hogei urtetik goitikoek soilik estaltzen zuten buru kaskoa zapel beltzaren azpian. Adin horretatik beheiti, gaur egun gutti dira erabiltzen dutenak eta mende honen bukaerarako museoko tresna izanen da seguruenik zapela. Gazteek burua estali gabe ibiltzea nahiago dute eta, estaltzekotan, bixerak edo artilezko txanoak aukeratzen dituzte. Moda aldatzen ez bada, azken belaunaldia du bonetak.
«Mutil koxkorretan ezagutukatu dut zapel berriarekin elizara eta gero zurrutera atera den jendea, muturra berotu, norbaitek zapela ixilean aldatu eta zaharrarekin etxera ailegatutakoak». Arantzako Itturtzenbordako Luis Madariagaren solas hauek erakusten dute garai batean zapelak edo bonetak izan zuen estimazioa. Gaur egun ez da halakorik. Luis Madariagak konparazio argia egin digu: «Orain bat ikusten den lekuan, gure gazte denboran bi mila zapel izanen ziren». Elbeteko Bizente Goienetxeren erranetan ere, «lehen kasik jende guziak ibiltzen zuen zapela: baserrian denek eta herrietan gehienek. Orai ere, enterramenduetan edade bateko jende gehiena zapelarekin ikusiko duzu». Etorkizunean, gazteek ere jantziko dutela uste du Bizentek: «Lehenagokora itzuliko gara, hala pentsatzen dut». Goizuetako Txamorazarreko Manuel Goizueta ere konturatzen da orain askoz gutxiago erabiltzen dela zapela, baina hain gurea izanik seguru dago ez dela inoiz desagertuko.
Neguan berotasuna eta udan itzala
Itturtzenbordako Luisek bakar-bakarrik eliza eta ohatzean sartzerakoan kentzen du zapela, normalean. «Haize aunitz dabilenean ere kentzen dut, zapelaren gibeletik lasterka joateko adina joan baitzait. Bertzenaz, etxean milagroz kentzen dut: nahiago dut trajerik gabe ibili, zapelik gabe ibili baino. Iruditzen zait zapela behar dela buruan». Iritzi beretsukoa da Elbeteko Bizente. «Zapelarik gabe iduritzen zait ez nagoela beztitue, zerbait falta zait ez badut buruen». Manuel Goizuetari iruditzen zaio jaio ere zapelarekin egin zela.
Izan ere, etxe barnean txapela kentzearena hagitz ohitura berria dela uste dute adituek. «Baserrian kanpoan baino gehiago behar zen zapela garai batean. Ganbaratik beti erortzen zen hautsa, zikinkeria edo belar idorra. Horregatik gizasemeek zapela janzten zuten eta emakumeek buruko zapia» dio Antxon Agirre Sorrondo antropologoak.
Zapela erabiltzeko arrazoi onak dituzte. Madariagak dioenez, «neguan goxotasuna ematen du, aisa ibiltzen da, eta udan, berriz, itzala. Iguzkiak gehiegi berotu eta hildakoak badira, nik ezagutu ditut. Haiek ere itzala izan bazuten…». Manuel Goizuetari galdetzerakoan, «talentuak ez alde egiteko» erantzun du beti ezpainetan duen farre murritza erakutsiz.
Burua estaltzeko ez ezik, bertze zenbait erabilera izan ditu zapelak. Leku batzuetan xaguxarrak harrapatzeko edo arraultzeak biltzeko erabiltzen zuten. «Apuro ordu batean horretarako ere balio du» dio Bizente Goienetxek. Aretzeak eta zekorrak errapetik kentzeko ere erabili izan da. Zapela behiaren errapera nolabait itsatsi eta aretzea, tiratu arren esnerik ateratzen ez zela somatzean, belarrean hasten zen.
1876. urtera arte eskuz egiten ziren bonetak eta orduz geroztik lantegi industrialak sortu ziren. Gaur egun lantegi horiek museo bihurtzen ari dira. Inguru honetan zapelak saltzen dituzten dendek, ordea, saltzen segitzen dute. Doneztebeko Lakar dendan erran digutenez, «adineko jendeak zapel ona eramaten du, Olentzero garaian forrorik gabekoa saltzen da eta turistek gero eta gehiago eramaten dute. Salmentak ez du beheiti egin eta etorkizuna badu zapelak. Gazteak ere paratzen hasiko dira».
Bizente GOIENETXE BIDART Elbetekoa
Noiztik janzten duzu zapela?
Guk ttiki-ttikitatik jantzi dugu, eskolara ere zapelarekin gaten ginen, pentsa ezazu! Geroztik beti ibili dut, ohatzerakoan kendu eta altxatzerakoan segido burure! Hori da kostunbrea. Nere adintsukoek, batzuk utzi zuten, baina bertze aunitzek segitu zuten. Gehixeago presumituko zuten zapelik gabe, doike, baina guk presumitzen dugu gehiago zapelarekin.
Zure adinekoak joaten zaretenean zapela desagertuko dela uste duzu?
Ez da desagertuko, segituko du horrek. Gazte batzuk jartzen hasi dira eta sekula ez da akituko.