Familian eta giro onean euskara praktikatzeko bertze modu bat. Horixe da AEK-k udan antolatzen dituen familia barnetegien helburua. Eta aurten, lehen aldiz, Zugarramurdiko Graxiana aterpea aukeratu dute horretarako.
Gaztelaniaz hobeki moldatzen badira ere, abuztuko bi astez Zugarramurdin egon diren 19 guraso eta 20 seme-alaben erronka euskaraz mintzatzea izan da.
Honezkero, etxean egonen dira Zugarramurdin aurten estreinakoz egin diren familia barnetegietan parte hartu duten guraso eta seme-alabak. Eta beharbada euren artean euskaraz solasean. Zugarramurdin egindako egonaldian, behinik behin, horrela egin dute.
Duela hamar bat urte ekin zion AEK-k familia barnetegiak antolatzeari. Bilbon sortu ziren eta urteekin Euskal Herri osora zabalduz joan dira. Izan ere, ohikoa da euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren gurasoek umeak D ereduko eskoletara bidaltzea, baina kasu aunitzetan, zaila egiten zaie egunerokoan harremanak euskaraz izatea, inguruak edo ohiturek hala behartuta. Horretarako dira, hain zuzen, familientzako barnetegiak. Herri ttiki eta euskaldunak aukeratzen ditu AEK-k eta uda honetan Zugarramurdirekin batera, Aduna (Gipuzkoa) eta Forua (Bizkaia) izan dira hautatuak.
19 guraso eta 20 haur Graxianan
Ekainean ireki zuten Zugarramurdiko Graxiana aterpeak 45 laguneko taldea eduki du abuztuko bi astetan familia barnetegiekin: 19 guraso, 4 eta 11 urte bitarteko 20 haur, bi begirale eta lau irakasle. Familia gehienak arabarrak izan dira, baina Bilbo eta Algorta (Bizkaia), Donostia eta Irun (Gipuzkoa) eta Iruñetik etorritakoak ere izan dira.
Goiz eta arratsalde okupatuak eduki dituzte. Gurasoek euskara ikasten pasatu dituzte goizak, eta begiraleekin jolasean, berriz, umeek. Bazkalondoan, ordu bat eta erdiko klaseen ondotik, tailerretan elkartu dira guztiak, haur eta helduak. Sorginen mundua, bertsolaritza, ingurumena, herri kirolak... Gai andana landu dituzte.
Batzuk hobeki eta bertzeak makurrago, baina denen hizkuntza euskara izan da. Horrela baieztatu digu Urtzi Lakuntza irakasleak: «gurasoek euren artean euskaraz hitz egiteko ohitura izan dute hasieratik, nahiz eta ume batzuei euren artean egitea kostatu».
Guztien maila ez denez berdina, bi taldetan banatuta aritu dira ikasleak: bigarren mailan batzuk eta hirugarrenetik aitzinera gainerakoak. «Gramatika eta idazkera ikasturtean zehar lantzen dituzte eta udan mintzapraktika tokatzen zaie. Maila badute, baina ohitura hedatu behar da», dio Urtzi Lakuntzak.
Hizkuntza bat ikasteko motibazioa ere ezinbertzekoa da, eta Zugarramurdin familia barnetegietan aritu direnei ez zaie falta izan. Irakaslearen hitzetan, «animoz eta gogotsu ibili dira».
Zugarramurdiko euskara: Kostatu eta gustatu
Euskara batuarekin alderatuz diferentea da gurea, eta horren harira, Zugarramurdiko euskarak arazorik eragin ote duen ere galdetu diogu Urtzi irakasleari: «batzuk errazago ulertu dute eta bertzeei kostatu zaie. Eskolan euskara batua erakusten dugu eta herritarrek –zugarramurdiarrek– bertako euskara egiten dute eta batzuei kostatu zaie. Halere, orokorrean ez zaie hain zaila egin eta gustatu zaie». Kostatu eta gustatu, beraz, bietatik.
Eskolatik eta Zugarramurditik kanpo, ateraldiak ere egin dituzte. Bertzeak bertze, Baztan eta Sara aldean bisitan ibili dira bazterrak ezagutzen. Eta herritarrekin ere harreman ona eduki dute. «Herritarrei galdetzeko eta eurekin hitz egiteko ariketak egin ditugu», azaldu digu irakasleak. Zugarramurdiko Marixan ostatuko Margari Etxenikek ere herrian integratu direla adierazi digu: «helduak egunero ostatura etorri dira eta euren artean euskaraz mintzatu dira, ongi gainera».
Leku egokia
«Herri euskalduna eta inguru aproposa» zelako aukeratu zuen AEK-k Zugarramurdi. Halaxe dio Lakuntzak. Eta bi asteko egonaldiaren ondotik, balorazioa baikorra izan da: «oso giro ona sortu da, bai gure artean eta bai familien artean ere. Ez da arazorik izan».
Iritzi berekoa da Sofia Cisneros ikaslea ere. Azken hiru urteotan AEK-k antolatutako familia barnetegietan parte hartu duen Tuterako alaba da. Baranbion (Araba) bizi da eta hiru seme-alabekin egin du barnetegiko egonaldia. Eta ttipi-ttapari erran dionez, «gustura».
Zaila da euskara ikasleen profil zehatz bat egitea, baina guztiek dute abiapuntu bera: euskara ikastea. Egunerokoan euskaraz egiteko lehenbiziko urratsa egina dute, eta Zugarramurdin hasitako lanari segida ematea gelditzen zaie orain.