Noiztik dago krisian nekazaritza?
Bertze sektoretan krisia furi-furian orain dagoela erraten da, baina nekazariak aspalditik gaude krisian. Prezio baxuengatik betidanik egon dira sindikatuak borrokan, baina orain erabat okertu da egoera.
Zein da zuen egoera?
Arrunt gaizki gaude. Prezioak hagitz baxuak dira eta kostea altuagoa da. Kostearen azpitik entregatzen dugu esnea, eta bide horretan, ordainketak eten beharko ditugu eta ixteko momentua ere ailega daiteke.
Noiz arte iraun dezake egoera honek?
Aguantatzen ari gara, baina edozein momentutan, ezin izanen dugu segitu. Nekazariak horregatik gaude kezkatuak eta haserre. Arrunt gutti ordaintzen digute eta zein preziotan saltzen zaie kontsumitzaileei?
Europar Batasunak esne kuotak kendu egin nahi ditu 2015ean...
Kuotak mantentzearen aldekoa da EHNE. 2015era arte kuotak goiti joanen dira, eta 2015ean merkatuaren liberalizazioarekin, oraindik esne gehiago ekarriko da kanpotik. Kuotak kenduta, Alemania eta Frantzia bezalako estatuek esne aunitz aterako dute eta merkatuan esne aunitz izanik, prezioek behera eginen dute.
Zer dio Administrazioak?
Uztailean Esneari buruzko Akordio Nazionala sinatu zen Madrilen, baina EHNEk ez zuen sinatu. Estatu espainiarreko nekazariei ordaintzerakoan Frantziako prezioak hartu nahi dira kontuan, baina Frantzian merkeago produzitzen da eta kostearen azpitik jasotzeko sinatzeak ez du zentzurik. Bataz bertzeko bat paratu nahi da Espainian, eta hala, nekazari guztiek ez lukete berdin jasoko.
Kaltetua nekazaria...
Arrazoi aunitz daude. Batetik, kanpotik esne aunitz heldu delako hemengo kostearen azpitik, eta hori kontrolatu beharko luke Administrazioak. Horrekin batera, kuotak mantendu beharko lituzke, eta sistema bat paratu beharko luke litro bat esne ekoiztea zenbat kostatzen den kalkulatzeko eta industria eta banatzaileen neurrigabeko irabaziak kontrolatzeko. Gainera, EHNErentzat kontsumitzaileari informazioa ematea ezinbertzekoa da. Kontsumitzaileak jakin dezala esnea non produzitu den, zein osagai dituen, non enpaketatu den, nekazariei zenbat pagatu zaien... Industriari guri gehiago ordaintzeko eskatuko nioke, guk ere zerbait irabazi behar dugu. Saltoki haundiak ere badute errua. Esnea gantxo bezala erabiltzen dute jendea erakartzeko, marka zuria ekoizpen kostearen azpitik salduz, eta horrekin ezin dugu lehiatu.
Baduzue itxaropenik?
Ez da inoiz galdu behar. Mobilizazio haundiak egin dira eta horretan segituko dugu. Itxi aitzinetik zerbait egin beharko dugu, eta gaizki daudenei babesa eman. Exijitu diguten bidetik joan gara eta orain paretaren kontra gaude. Garbi utzi nahi dut nekazari profesionalak garela, honetatik bizi garela. Nekazaritzatik zenbakiak ez bazaizkizu ateratzen, kanpoan bertze lan bat bilatzeko errateak ez dit balio. Gure lana nekazaritza da eta hau guztia gure lana ez delako baloratzen gertatzen da. Administrazioak zerbait egin beharko luke jendeak hemengo produktuak zein diren eta nekazariek zein lan egiten dugun jakiteko. Orduan ikusiko luke kontsumitzaileak zeinen garrantzitsuak garen. Bertzela, hau sasi artera joanen da, nekazariak ez zaintzeagatik.
Nekazaritza sektorea ere krisian dago, eta aspalditik, gainera. Litro bat esne ekoizteak 0,36-0,41 euroko kostea eragiten die baina 0,28 euro kobratzen dute.
Arrazoi andana dago krisiaren gibelean: kontsumoa jautsi da, kanpotik esne aunitz ekartzen da, saltoki haundiek marka zuri gisa darabilte esnea, duela 30 urteko prezioek segitzen dute... Gainera, Europako Batasunak esnearen kuotak kendu nahi ditu eta hala, hemengo nekazariak kaltetuak izanen direla uste du aunitzek.