Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketa jokatuko da igande honetan, abuztuaren 30ean, eguerdiko 13:00etatik aitzinera, Arazurin.
Hiru bikote lehiatuko dira txapelaren bila: Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopez; Etxalarko Izaskun Ariztegi eta Hondarribiko Nerea Izuzkiza eta Narbarteko Miren Arretxeak eta Berroetako Nekane Migeltorenak osatutakoa.
Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar ebaketa eman beharko dizkiote.
Txapelketa honekin batera, aizkora erakustaldia ere izanen da Donato Larretxea eta Floren Nazabalekin.
Euskal Herriko emakumezkoena Etxalarren erabaki zen
Aipatzekoa da Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketa Etxalarren erabaki zela abuztuaren 15ean. Bertan, Lurdes Intxausti eta Josune Gorostidi gipuzkoarrak nagusitu ziren. 45 ontzako enborrari hamar epaiak egiteko 4 minutu eta 25 segundu behar izan zituzten. Bigarren postua Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopezek eskuratu zuten, 5 minutu eta 7 segunduko denborarekin; Bizkaiako Naiara eta Nerea Etxeberria izan ziren hirugarren (5:21), Bizkaiako Naia Larrañaga eta Olatz Bayer laugarren (6:07), Narbarteko Miren Arretxea eta Berroetako Nekane Migeltorena bosgarren (6:22) eta Etxalarko Izaskun Ariztegi eta Hondarribiako Nerea Izuzkiza seigarren (6:26).
Gizonezkoen kanporaketa
Modu berean, gizonezkoen sailkapen proba jokatu zuten Etxalarren egun berean hamahiru bikotek eta horietatik sei lehenbizikoek , urriaren 3an Berriozarren jokatuko den maila nagusiko finalerako sailkatzea lortu zuten. Sailkatzea lortu ez zuten bikoteek, bigarren mailako finala jokatuko dute irailaren 5ean Arraiotzen, Etxalarko saioan parte hartzerik izan ez zuten Perez de Heredia eta Ernesto Alzolarekin batera.
Etxalarren, iazko txapeldunek, Legorretako Igor eta Aitor Esnaola anaiek lortu zuten markarik onena, 3 minutu eta 59 segunduan eman baitzizkioten 15 epaiak 45 ontzako enborrari (lehenbiziko bortzak etzanda zegoen enborrari, bortz zutik jarritakoari eta azken bortzak etzandakoari). Iñaki eta Josetxo Barberena nafarrek lortu zuten bigarren denborarik onena (4:03); Sunbillako Mikel Bertiz eta Arraiozko Xabier Urrutiak hirugarrena (4:09); Bizkaiako Jon Intxaurbe eta Javi Olibaresek laugarrena (4:35), Berako Igor Lasagak eta Etxalarko Xabier Galarregik bosgarrena (5:07) eta Oier Aizkorbe eta Jose Luis Canok seigarrena (5:17). Hauek lortu zuten final nagusirako txartela.
Final horretatik kanpo, segundu bakarrarengatik gelditu ziren Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrak (5:18). Hauekin batera, Bizkaiako Julen Etxebarria eta Igor Astondoa, Gipuzkoako Andoni Rezabal eta Aitor Roteta, Gipuzkoako Unai Iraola eta Jokin Garmendia, Nafarroako Esteban Pikabea eta Alvaro Morrondo, Gipuzkoako Unai Salegi eta Juanjoxe Argorregabiria eta Nafarroako Mikel Eugi eta Angel Iribarren lehiatuko dira bigarren mailako finalean.