Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arratsaldean Nafarroako Artzain Zakur lehiaketa ofizialean eskualdeko partehartzaileak izanen dira
Uharte Arakilgo Artzain Egunak berrogeita bigarren edizioa beteko du igande honetan, abuztuaren 30ean.
Goizeko 10:0etan abiatuko dira ekitaldiak, epaimahaiaren hautaketa eta aurreskuarekin.. 10:30etik 14:30ak arte Nafarroako ardi latxa gaztaren XXVIII. Txapelketa jokatuko da. Segidan, saritutako gazten enkantea, dastapena eta gaztaren feria eginen dira. 10:30etik 13:30era Nafarroako ardi latxaren XXVI. Erakusketa eta esne-ekoizpen lehiaketa eginen dira, hain zuzen, bertako ardi latxaren txapelketarik garrantzitsuena. Goizean, artzain bat betidaniko erara gazta egiten ikusi ahal izanen da Donibane Enparantzan.
11:00etatik 13:00etara Nafarroako XXII. Ardi mozte mekanikoaren txapelketa jokatuko da, Espainiako txapelketarako sailkatzeko baliagarria den froga ikusgarria.
11:00etatik 12:00etara euskal artzain zakurren, pirinioetako artzain zakurren eta galzorian dauden arrazen hamazazpigarren erakusketa eginen da.
12:00etan Agur Jaunak kantatu eta Artzai Egunean parte hartu dutenei omenaldia eskainiko zaie. 12:15ean XV. Ardiki gisatuaren txapelketa eta dastapena izanen da. 12:45ean Nafarroako ardoen XIV. Dastapena. 13:30ean goizeko lehiaketa guztietako sariak eta txapelak banatuko dira. Ondotik, gazta erdi irabazlearen enkantea eginen da plazan. 14:30ean herri bazkaria eginen da Uharteko frontoi estalian.
Arratsaldeko 17:00etan, berroitabigarren urtez Nafarroako Artzai Zakurren lehiaketa ofiziala eginen da Geinberako barrutian. Euskal Herriko eta herrialde arteko txapelketarako sailkatzeko baliagarria izanen da. 20:00etan, leku berean Nafarroako axuri errearen dastaketa eginen da.
Aipatzekoa da goiz osoan gazten eta eskuz egindako bertze produktuen erakusketa izanen da. Eskulanen erakusketa ere izanen da, kaikuak, egurrezko uztaiak, apaingarriak, zeramika, egurra, ardazlariak, taloak, eta bertze. Euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak ere ibiliko dira egun osoan karrikaz karrika.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.