Lesakatik Elizondoraino eramanen duen gasbideko lanen barrenean, sunbildarrak izanen dira gas naturala etxean izanen duten lehenak. Asteartean Sunbillako frontoian egindako azalpen bileran jakinarazi zenez, Sunbillako berrehun familia baino gehiagok izanen dute zerbitzu honetara sarbidea. Gas Navarrak 260.000 euroko inbertsioa egin du gas natural hornidura Sunbillara eramateko. Aipatu bileran, Paco Errandonea Sunbillako alkatearekin batera, Jose Antonio Ayesa Nafarroko Gobernuko Industria Segurtasun Zerbitzuko zuzendaria, Angel Boillos Gas Navarrako zuzendari nagusia eta Celestina Lopez, enpresa bereko zuzendari komertziala izan ziren azalpenak ematen. Herriko gasifikazio faseak azaldu zituzten eta udazken hondarrerako Sunbilla osora zabalduko dela azaldu zuten. Gas Navarra enpresak 260.000 euro inguru inbertitu omen ditu dagoeneko Sunbillarako beharrezko azpiegituren eraikuntzan (sareak eta hartzeak). Sunbillako aurkezpenaren ondotik, hurrengo hilabetetan Elizondo, Narbarte eta Donezteben ere gisakoak eginen direla jakinarazi dute Gas Navarratik. Baztan-Bidasoako gasifikazio lanetarako 8,3 milioi euroko inbertsioa eginen da eta horietatik 7 milioi erabili omen dira dagoeneko. Gas Navarrak 1.400 kilometroko hornidura-sarea dauka Nafarroa osoan eta 97 herrietako 160.000 etxebizitzetara ailegatzen da gas naturala, hau da, kasik Nafarroako bizilagunen %85era ailegatzen da.