Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pintadak egin zituzten ezezagunek larunbatean
Ituren, Elgorriaga edo Donamariako bestetan egin duten bezalaxe, Legasako San Agustin bestetarako ere txozna paratu du Malerrekako Gazte Asanbladak lehen aldiz, herriarekin adostuta gero. Joan den aste hondarrean egin zituzten montaketa lanak arazorik gabe, larunbat gauean norbait txoznaren barrenean sartu eta kutsu faxistako margoketa batzuk egin arte. Margoketa hauek gorriz egindako, pare bat “diana” edo “gurutze” eta bi esaldi zekartzaten “HEMEN EZ, ALDE HEMENDIK, PUTA SEMEAK” eta “JUAN DEBALDE SE MURIO”. Honetaz gain txoznan aurretik jarrita zeuden pegatina aunitz zirriborratu eta zakarrontziko zaborra sartu zuten barrenera.
Malerrekako Gazte Asanbladatik ekintza hau irmotasunez salatu dute eta “margoketak burutu zituenari eta berdin pentsatzen dutenei helarazi nahi diegu ez gaituela horrelako ezerk geldituko. Bide onean goazela badakigu, herria gurekin dago eta honek edozein erasori aurre egiteko indarra ematen digu". Malerrekako Gazte Asanbladak ohar baten bidez jakinarazi duenez, “gure aldetik, orain arte bezala, herri hauetan dinamika ezberdinak antolatzen jarraituko dugu, gure herrien alde elkarrekin lan egin eta eskubide urraketa guztiak borrokatzen, Malerreka eta Nafarroaren alde lan egiten, Euskal Herri berri baten bidean lan egiten”.
Hiru urte lanean
Dagoeneko pasa dira hiru urte Malerrekako herri ezberdinetako gazte talde baten ezinegonaren ondorioz Malerrekako Gazte Asanblada (MGA) sortu zela. Hasiera hasieratik Malerrekako Gazte Asanbladaren helburua “bertako jendeari eta gehien bat gazteei eskaintza alternatibo bat plazaratzea izan da, gaur egungo gizarte kapitalistak inposatzen duen gazte eredu sumiso eta indibidualistarekin hautsi eta gazte kritiko eta konprometituak sortzea”.
Ordutik hona, asko dira Malerrekako Gazte Asanbladak bultzatutako ekimenak: gazte egunak, eskualdeko gazte topaketak, mendi ibilaldiak, hitzaldiak, tailerrak, bideo emanaldia... “Guztiok dakigun bezala, nahiz eta penagarria izan, gaur egun horrelako edozer gauza antolatzeko dirua beharrezkoa da. Arazo honi aurre egiteko inguruko herritako bestetan txozna bat jartzea izan da orain arte erabili dugun bitartekoa”.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.