Javier Mariezkurrena Txekiar Errepublikan lehiatuko da aste hondar honetan

ttipi-ttapa 2009ko abu. 24a, 16:17
Alemanian ez zuen suerte handirik izan Mariezkurrenak. TTIPI TTAPA

Hilabete baino gehiago pasa da azken aldiz lehiatu zenetik, Alemaniako Nurburgring-en

Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidaria eta Ederki tailerreko eskuderia Txekiar Errepublikan izanen da aste hondar honetan, abuztuaren 29 eta 30ean Most hirian jokatuko diren Europako txapelketarako probetan parte hartzen.
Hilabete luzeko geldialdia izan du Doneztebeko taldeak, Alemaniako Nurburgring-en uztailaren 24 eta 25ean egin baitzituen azken lasterketak.

Uztailaren 24an, hamargarren eta hamabigarren

Santiago bezperako lehen lasterketan hamargarren postuan bukatu zuen Mariezkurrenak eta bigarren lasterketan hamabigarren, Lvov errusiarrarekin kolpea izan ondotik. Istripu horren eraginez, MAN kamioaren motorrak potentzia galdu zuen eta gauez injekzio-bonba aldatu behar izan zioten motorrari.

Santiago egunean arazo gehiago

Santiago eguneko sailkapen txandan berriz ere potentzia galdu zuen motorrak eta aldaketa batzuk egin ondotik hamalaugarren sailkatu zen. Igandeko lehen lasterketan, asteburuko hirugarrenean, kamioiak ke sobera botatzen zuelako bandera beltza ikusi zuen Mariezkurrenak eta gelditu behar izan zuen. Azken lasterketarako MANeko teknikariak injektorea aldatu zuten eta ez zuten parrillara ailegatzea lortu, baina Pit Linetik ateratzea bai. Lehen itzulian Holandako Navegord-en kamioiak bolkatu egin zuen eta bandera gorria atera zuten, kamioi guziak gelditzeko. Berriz ere azken postuan atera behar izan zuen Mariezkurrenak, baina lehenbiziko bi itzulien ondotik, hamabosgarren postuan jarri zen. Baina kolpe bat hartu ondotik, hiru postu galdu eta berriz ere ke sobera botatzen zuelako Stop and Go bat egin behar izan zuten, gelditu eta berriz abiatu, alegia. Azkeneko itzuliak guttiago azeleratuz egin behar izan zituen Mariezkurrenak, zigor gehiagorik ez izateko eta hemeretzigarren postuan akautu zuten.

Triparen Saria

Halere, joan den urtean hamar lehenbizikoen artean sailkatu ez zirenen artean, kazetariek eta babesleek ematen duten Triparen Saria lortu zuten Mariezkurrenak eta Ederki eskuderiak. Espainiako txapelketarako sailkapenean hirugarren postuan dago taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun