Interneteko erabiltzaileen erdia baino gehiago hari gabeko sistemen bidez konektatzen da Nafarroan

ttipi-ttapa 2009ko abu. 24a, 16:13
%12ak bertzerik ez du aparteko neurririk hartzen hari gabeko konexioak eragin ditzakeen arazoak saihesteko. TTIPI TTAPA

Irache kontsumitzaile elkarteak arriskuak saihesteko neurriak hartzea aholkatu du

Nafarroan Internet daukaten etxebizitzen erdiak baino gehiagok (%52ak) Wifi hari gabeko sistemaren bidez erabiltzen dute, Irache kontsumitzaile elkarteak egindako inkestaren arabera. Nafarren %35ak hari gabeko sistema hauek erabiltzen dituela erran nahi du honek. Horregatik, Inteneterako hari gabeko loturarekin arazoak izan dituzten kontsumitzaile kezkatuek gero eta gehiago jotzen dute kontsumitzaile elkarteko bulegoetara.
Sistema hau erabiltzen dutenen %73ak ezagutzen ditu honek dakartzan arriskuak eta gainerako %27ak ez daki zein kalte izan ditzaken. Halere, %12ak bertzerik ez du aparteko neurririk hartzen arriskuak saihesteko.

Sistema irekia bada, bizilagunek gure sarbidea moteldu dezakete

Izan ere, sistema irekia baldin bada, bizilagunen erabileraren eraginez konexioa motelagoa izan daiteke eta guk ordaintzen dugun banda-zabaleraren truke, Internet doan izan dezakete. Beraz, kasurik onenean, kontratatutako sarbidea baino motelagoa jasotzen du kontsumitzaileak, baina kasurik okerrenean, bertze erabiltzaileek gure hari gabeko konexioa erabiltzerakoan gure datuak, e-mailak, bankuko kontuak eta klabeak eta ordenagailuaren beraren kontrola ere eskura dezakete. Beraz, ordenagailua babestea ezinbertzekoa da, batez ere Internet bidez erosketak edo banku-eragiketak egiten baditugu.

Bertze arazoak

Bertze arazoak ere sor daitezke: Kanal berean emititzerakoan bizilagunek gure routerrean interferentziak sor ditzakete edo internet eta bertze etxeko tresnak batera erabiltzerakoan seinalearen distortsioa sor daiteke. Azkenik, batzutan wifi routerrak ez du ongi funtzionatzen eta erabiltzaileek aldatzea eskatzen dute, kontratuta zeukaten ADSL zerbitzua ezin baitute erabili.
Irache kontsumitzaile elkatean ordenagailua babesteko moduari buruzko kontsulta teknikoak izan dituzte baina, batez ere, norberak kontratatutako zerbitzua erabiltzen duten bizilagunen aurka hartu daitezken neurri legalen ingurukoak edo gure posta edo klabeak bertze norbaitek eskuratzeak ekar ditzaken arriskuei buruzkoak. Kode Penalaren arabera, bertze norbaiten posta elektronikoa hartzea delitua da, baita edozein komunikazio seinaleren entzuketak, grabazioak edo transmisioak egitea.

Aholkuak

- Wifi konexioa etxerako kontratatzea komeni da ordenagailua eramangarria bada edo mugikortasuna eskatzen badu. Bertzela, hari bidezkoa kontratatzea egokiagoa da, errazagoa eta ekonomikoagoa delako.
- Interneterako konexioa kontratatu baino lehen, enpresa horbitzaileari kontrata daitezkeen segurtasun sistemei buruz galdetu behar zaio, bakoitzak izan ditzaken abantailak, eragozpenak, segurtasun mailak edo kostua jakiteko.
- Doaneko wifi sarbidea duten eremuetan, liburutegi edo aireportuetan erraterako, ez da kontraseinarik eskatzen eta hortaz, orenagailuak suebakiak izatea komeni da. Gainerakoan, bertze norbait gure ordenagailura sar daiteke. Suebakiak modu errazean lortzen ahal dira eta badira doan banatzen direnak ere.
- Doaneko sarbide eremuetan konektatzerakoan segurtasun protokoloak izatea ere komeni da, datu-enkriptatzea ahalbidetzen baitu eta honela, pirata informatikoek “ebastea” eragozten du.
- Konexioarekin arazoren bat izanez gero, hornitzailearekin harremanean jarri behar da berehala.
- Informazioa pertsonala duten programa edo artxiboetan norbait sartu dela jakinez gero, kontsumitzaile elkarteren bat edo polizia jakinaren gainean jarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun