Sasoiak ez du adinik, ez behintzat Mikel Mindegia eta Donato Larretxea aizkolarientzat. Jaun eta jabe direla erakutsi zuten igandean Sunbillan jokatu zen Ramon Latasa Sariketan. Jende andana erakarri zuen aizkora saioak eta jubenilen eta maila nagusiko bi lehiak gogotsu jarraitu zituzten bildutakoek.
Ezkurrako eta Arantzako semeek 34 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten lanak akitzeko, nahikoa Nazabal-Etxeberria eta Arrospide-Arria V.a bikoteak gainditzeko. Bigarren bikoteak 36:10eko lana egin zuen eta hirugarrenak 37:18koa.
Lehen proban 54 oinbiko kanaerdikoa ebaki behar izan zuten aizkolariek eta 2:07ko denbora egin ondotik, irabazi egin zuten Mindegiak eta Larretxeak. Bigarren proban, kanaerdikoa zutik eta 45 oinbiko bi enbor etzanda ebaki zituzten eta honetan Nazabal eta Etxeberria gailendu ziren (04:07). Hirugarren saioan, banakako lanean, Larretxeak irabazi zuen (05:46) eta azkeneko saioan, berriz, Mindegia-Larretxea bikoteak.
Jubeniletan Saralegi eta Atutxa irabazle
Gaztetxoak ere aritu ziren aizkoran. 23:51eko denbora egin zuten Saralegi eta Atutxak eta eurek izan ziren txapeldun. Bigarren bikote sailkatua Mugertza eta Erasun izan zen (26:54) eta hirugarrena Rekondo eta Larretxea (27:43).