Proiektu turistikoetarako dirulaguntza hartuko dute Bera eta Zugarramurdiko udalek

TTIPI TTAPA 2009ko abu. 10a, 16:22

Beran turismo-aterpetxea eraikiko da eta Zugarramurdin Logroñoko auto-fedearen 400. urteurrenari buruzko ikuskizun proiektua

Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, 182.372 euroko laguntzak eman ditu proiektu turistikoak, aitzinetik egin beharreko azterlanak eta bideragarritasun-planak idazteko. Diru-laguntza horiek toki entitateei eta turismo-partzuergoei 2008/2011 aldian produktu turistikoak garatzeko inbertsioetarako ematen zaizkien laguntzen deialdiari dagozkio. Laguntzen zenbatekoa bi urtetan banatuko da, 151.368 2009an eta 31.003 2010ean.

Bera eta Zugarramurdiko egitasmoak

Eskualdeari dagokionez, bi udal izanen dira onuradunak: Berako udalak, herriko eraikin bat zaharberritzeko proiektu bat idatzi eta bertan turismo-aterpetxea egiteko 43.200 euroko laguntza eskuratuko du; Zugarramurdiko udalak, berriz, Logroñon 1610ean egindako autofedearen 400. urteurrenari buruzko ikuskizun-proiektua planteatzeko eta azpiegitura iraunkorrak sortzeko 55.680 euro jasoko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun