Gure Txokoa nagusitu zen herriz herri txapelketako bi konbinatuetan

ttipi-ttapa 2009ko abu. 4a, 15:42
Gure Txokoako herri kirol taldea bikain ibili zen larunbatean Elizondon. TTIPI TTAPA

Bigarrenean berdindu egin zuen Igantzirekin

Berako Gure Txokoako herri kirol taldea bikain ibili zen larunbatean, abuztuaren 1ean, Elizondon burutu zen Nafarroako Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldian.

Lehen konbinatuan nagusi Gure Txokoa

Lehenengo proba konbinatuan, koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana biltzen duenean, nagusitu egin ziren beratarrak, 18 minutu 34 segundu eta 53 zentesimako denborarekin. Hamar segundu eskaseko abantaila atera zioten bigarren izan zen Basaburuari (18’44”20), kasik minutu erdikoa hirugarren izan zen Berriozarri (19’03”72) eta Igantzi izan zen laugarren (19’13”).

Bigarrenean berdindu Igantzirekin

Bigarren proba konbinatuan edo Hiru Kirolen berriz (lasto botatzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea), berdindu egin zuen Gure Txokoak Igantzirekin lehen postuan, hiruna puntu terdirekin. Basaburuak eta Berriozarrek puntu bana terdi atera zuten.

Basaburua eta Igantzi sailkapen buru

Gauzak honela, bi jardunaldi jokatuta, lehen konbinatuan Basaburua da sailkapen buruan, Gure Txokoa bigarren, Berriozar hirugarren eta Igantzi laugarren. Bigarren konbinatuan, aldiz, Igantzi da buru (7,5 puntu), Gure Txokoa bigarren (6,5 puntu), Basaburua hirugarren (3,5 puntu) eta Berriozar laugarren (2,5 puntu).

Hurrengo jardunaldiak

Hirugarren jardunaldia Arantzan jokatuko da abuztuaren 16an eta finala abuztuaren 29an Berriozarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun