Sorginen Jokua aurkeztu du Bertizko Partzuergo Turistikoak

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 30a, 12:47
Lazaro Dainziart, Izaskun Goñi eta Begoña Durruty, jokuaren aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Helburua Baztan-Bidasoako txokoak, ohiturak eta elemento bereziak ezagutaraztea da

Bertizko Turismo Partzuergoak egin duen mahai jokoa aurkeztu zuen uztailaren 29an, asteazken eguerdian Zugarramurdiko Sorginen Museoan. Aurkezpenean jokuaren diseinua eginen zuen artista aukeratzeko martxoan egin zen lehiaketa irabazi zuen Begoña Durruty margolariak parte hartu zuen, Izaskun Goñi Partzuergoko gerentearekin eta Lazaro Dainziart zinegotziarekin batera.
Joku hau egitea Partzuergoaren barnean proposatu zen, Hiruak Bat landetxe elkartetik eta Partzuergoaren teknikariek egin dute. Hauek, lanordu aunitz eman arren, emaitzarekin kontent daudela adierazi dute.

Antzara jokuan oinarritua

Helburua Baztan-Bidasoako txokoak, ohiturak eta elemento bereziak turistei ezagutaraztea da, baina eskualdeko bizilagunentzat interesa duen produktua ere bada. Jokua antzara jokuan oinarritzen da, baina antzarak mugitu ordez, kolore desberdinetako (bat jokalari bakoitzeko) sorginak mugitzen dira. Jokuaren taulan Donamariako dorretxea, Sunbillako zubia, San Juan Xarreko iturriak, Urdazubiko monastegiko klaustroa, Amaiurko gaztelua eta horrelako toki batzuk, Durrutyk egindako marrazkietan erraz errekonozitzen direnak, aurki ditzakegu. Ezagutzen ez duenarentzat, jokuarekin batera laukitxo bakoitzaren azalpenarekin liburuxka bat dator. Kaxa barreneko liburuxka euskeraz dago, baina salmenta puntuetan gehiagoko kosturik gabe gazteleraz eta frantsesezko bertsioak eskatzen ahal dira.

Entrenimentua eta oroigarria

Laukitxo batzuetan, kondaira edo azalpen luzeagoak jaso dira, landa inguru honen giro magikoa helarazteko asmoz. Bertze aldetik, kultur elementuak, ohiturak eta gastronomia jaso dira: ihauterietako pertsonaiak, txistulariak, txalaparta, mutildantza, perretxikoak, txuletak, baztanzopak…
Establezimendu turistikoei gomendatu zaienez, bezero gazteenei entretenimendu bat eskaintzeko, nahiz partikularrei edo gure eskualdeko oroigarri bat eraman nahi dutenentzako egokia da jokua. Salmenta puntuak Bertizko Turismo Partzuergoaren bulegoa edo artisau erakusketa-denda dira. Salmenta puntu gehiago jakiteko, Partzuergoan galdetu behar da, 948 592323 telefonoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun