Kamioia ebatsi zuten asteazken goizaldean Alkaiagako industrialdetik

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 30a, 12:35
Transportes Bidasoa enpresako aparkalekutik ebatsi zuten kamioia. TTIPI TTAPA

Garraiolarien artean kezka zabaldu da, joan den astean kamioia erre ere egin baitzituzten

Transportes Bidasoa enpresako kamioi bat ebatsi zuten asteartetik asteazkenerako gauean Alkaiagako industrialdean. Hain zuzen, Eugenio Erkizia, 64 urteko garraiolari beratarraren kamioia ebatsi zuten eta berak dioenez, “44 urtez lanean aritu eta kontuz ibili ondotik, etxe atarian lapurtu naute”. Denuntzia Berako Guardia Zibilaren kuartelean eta Hendaiako gendarmerian egin du, kamioia atzerrira eramaten ahal duten susmoa baitu. Telepeajeko txartela erabili dutela badakite, beraz, autopistan barna eraman dute kamioia, baina ez daki nondik. Guardia Zibila, Alkaiagako enpresek dituzten segurtasun kamerak aztertzen ari da, lapurrak zein diren agertuko balitz ere.

Kezka

Lehendik gasoila eta merkantziak ebasten zizkieten eta orain kamioia bera ere bai. Garraiolariak kezkatuak daude. Joan den astean, Bidasoako bertze bazkide baten kamioia ebatsi zuten Usurbilgo industrialdetik. Azken hilabeteetan, Gipuzkoa eta Nafarroako industrialdetan hamar lapurreta baino gehiago izan dira, batez ere industrialdetan eta asteburuan.

Kamioiak erreak

Bertze aldetik, Alkaiaga industrialdean hiru ibilgailu erreak agertu ziren uztailaren 23an. Conde Truth enpresako kabina bat eta bi erremolke ziren. Lehenago, uztailaren 18an ere bertze kamioi-frigorifiko bat erre zuten. Garraiolariak kezkatuak daude, suteak nahita eragindakoak direla uste baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun