Etxalar eta Amiselaietako tunelaren arteko zatia ireki dute N-121A errepidean

Aitor AROTZENA 2009ko uztailaren 24a

Laura Alba kontseilaria, Bortzirietako alkate eta zinegotziekin Amisalaieta tunelaren aitzinean. Beheitian, aste honetan ireki den errepide zatian trafikoa. TTIPI TTAPA

Herrilan Departamentuak Sunbilla-Igantzi zatia abuztuaren 15erako eta Igantzi-Bera zatia irailaren 30erako ireki dela adierazi du

Laura Alba Cuadrado Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilaria N-121A errepideko lanen jarraipen batzordearekin bildu da uztailaren 24an, ortziral goizean. Batzorde honetan Bortzirietako alkate eta zinegotziak ere sartuak daudenez, Sunbilla-Etxalar eta Etxalar-Bera errepide zatien lanen egoeraz informazioa eman die kontseilariak. Aste honetan erabiltzaileek somatu izan dutenez, Etxalartik Amisalaieta arteko zati berria ireki dute, hain zuzen, tuneleko lanak errazago egin ahal izateko. Alde horretatik, ortziraleko bisitaldian, kontseilariak berak tunel barreneko 70 kiloko lehergailuren leherketa eragin zuen.

Egituren %95a egina

Aipatzekoa da gaur egun lanean ari diren zatietako egituren (tunel eta bidezubiak) %95a egina dagoela eta gainerakoa ere epe barrenean akautu nahi dute. Alde horretatik, Koldo Erkizia Lesakako alkateak eta Helena Santesteban Berako alkate ordeak adierazi dutenez, “abuztuaren 15erako Oihanberriko zubitik Berrizaunerako tartea irekitzen ahal dutela aipatu dute eta Berrizaun eta Bera artekoa, Onbordi ondoko mendi mazelean arazoak sortu direlako”. Amiselaietako tunelak ere arazoak sortu ditu, altueran jautsi baitute eta Alan-Berri ondotik pasatzen den zubira bitarte luzatu behar izanen dutelako. Honela, gaur egungo errepidea, Etxalartik Lesaka aldera sartzeko erabiliko dena, tunelaren gainetik pasatuko da.

Trenabidearekin zer?

Trenabidea ere obrak hasi baino lehenago zegoen bezala uzteko hitza emana dute Herrilan Departamentutik, baina zerbait gehiago nahi dute Bortzirietako udal agintariek, Irunetik Endarlatsara bitarte egin den bidegorriari segida ematea, alegia. Herrilan Departamentutik horretarako diru-sailarik ez dagoela jakinarazi dutenez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari dirulaguntza eskatzea pentsatu dute. Bide horretatik gasbidea ere sartuko dutenez, “egokiena lanak koordinatu eta dena batera egitea” izanen litzatekela uste du Helena Santesteban, Berako zinegotziak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun