Ortziral honetan, uztailaren 24an, arratseko 20:00etatik aitzinera jokatuko da Urrezko Aizkolarien Banakako txapelketako finala, 23 urtez beheitiko kategorian. Ander Erasun aurtiztarra eta Aitzol Atutxa, Atutxa II, izanen dira aurrez aurre. Final hau ezin izan zuten joan den ekainaren 6an jokatu elite eta 19 urtez behetikoen kategoriekin batera, hain zuzen, Ander Erasun aurtiztarra azken kategoria honetako finalista zelako. 19 urtez beheitiko txapela lortu ondotik, 23 urtez beheitikoa lortzen saiatuko da orain Erasun, baina arerio zaila izanen du, Atutxa II.ak joan den urteko txapelketa irabazteaz gain, Bizkaiako txapelduna baita. Guzira 20 enbor moztu beharko dituzte, sei modalitatetan.
Harrijasotzaileak binaka
Aizkora finalaz gain, harrijasotzaileen binakako lehiaketa ere jokatuko da Azpeitian: Goenatxo II-Izeta II, Saralegi-Izeta III eta Ostolaza II-Izeta IV izanen dira bikoteak eta bi minutuko txandetan harri ezberdinak altxatu beharko dituzte: 200 kiloko laukia bikotekide batek, 100 kiloko zilindro zaharra bertzeak eta 113 kiloko kubikoak eta 100 kiloko bola txanda librean. Irabazleek 1.500 euro jasoko dituzte, azpitxapeldunek 1.200 euro eta hirugarrenek 1.000 euro.
Nafarroako hirugarren mailakoa igandean Elizondon
Igande honetan, uztailak 26, Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako Finala jokatuko da Elizondokoko plazan, arratsaldeko 18:30etatik aitzinera.
Bertan, pasa den uztailaren 9ko kanporaketan sailkatutako lehen 5 aizkolariek hartuko dute parte: Ruben Saralegi (Iruñea), Asier Pellejero (Areso), Raul Castro (Urrotz), Julen Kañamares (Berriozar) eta Goizeder Belza (Etxarri Aranatz).
Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko eta bi 45 ontzako moztu beharko ditu.
Final honetan sailkatzen diren lehen bi aizkolariak mailaz igoko dira.