Nafarroako hainbat txapelketa erabaki dira Iruñeko Sanferminetan

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 22a

Esther Iriarte txapeldun izan zen txingekin. TTIPI TTAPA

Bigarren urtez segidan, Unai Bertizek irabazi du harri altxatze txapelketa

Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatu ziren Iruñeko Sanferminetan, Foru Plazan. Horietako aunitzetan Nafarroako txapeldunak erabaki ziren, eta eskualdeko kirolariek ez zuten hutsik egin. Emaitza onak eskuratu zituzten.
Maila Nagusiko Arpana Txapelketan, gizonezkoetan, parte hartu zuten sei bikoteetatik hiru eskualdekoak izan ziren. Ez zen txapelik etorri eskualdera, baina Mikel Bertiz sunbildarra eta Xabier Urrutia arraioztarra bigarren izan ziren (8:56ko denbora); Igor Lasaga beratarra eta Jabier Gallarregi etxalartarra hirugarren (9:42) eta Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrak laugarren (9:45). Kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketan ez genuen eskualdeko ordezkaririk izan. Emakumezkoena, berriz, Arazurin jokatuko da abuztuaren 30ean.
Nafarroako Lasto-Altxatze Txapelketan, eta ehunenen eskas batzuen aldea aterata, Karlos Sein igantziarrak irabazi zuen (20 jasoaldi, eta 21.a 8 ehunenean). Iñaki Bereau igantziarra bigarren sailkatu zen (20 jasoaldi eta 21.a 21 ehunenean) eta hirugarrena Oskar Telletxea igantziarra (18 jasoaldi).
Bigarren urtez segidan, Unai Bertiz sunbildarrak jantzi zuen Nafarroako Harri-Altxatze Txapelketa. Gainera, iaz baino alde haundixeagoa atera zion Leitzako Josetxo Urrutia bigarren sailkatuari: 650 kilokoa; joan den urtean 100 kiloko aldea atera zion. Hiru harriren artean 6.037,5 kilo jaso zituen guztira Bertizek –iaz 5.812,5–.
Nafarroako III. Maila­ko Aizkora Txapelketako kanporaketa ere joka­tu zen Sanferminetan eta finalerako txartela lortu zuten bortz aizkola­rien artean hiru eskualdekoak izan ziren: Ruben Saralegi (Iruñea-Leitza), Asier Pellejero (Areso) eta Raul Castro (Urrotz). Finala igande honetan, uztailak 26, Elizondon jokatuko da. Aipatu, kanporaketan parte hartu zuten 12 aizkolarien artean, Santiago Olano leitzarra tartean zela.
Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa, gizonezkoetan zein emakumezkoetan txapela Iturenera joan zen: Joakin Aioroa­rentzat gizonezkoena eta Maika Ariztegirentzat emakumezkoe­na. Gizonezkoetan lau kirolari aritu ziren lanean eta iaz azpitxapeldun izan zen Aioroak lehen aldiz jantzi zuen txapela. Nafarroako errekorra 93 jasoaldikoa da, eta Aioroak 91 egin zituen. Karlos Sein igantziarra bigarren gelditu zen (89 jasoaldi), Josetxo Urrutia leitzarra hirugarren (87 jasoaldi) eta Lazaro Bujan leitzarra (78 jasoaldi).
Emakumezkoen txapelketan hiru kirolari lehiatu ziren. Maika Ariztegi iturendarrak ez zuen izena emana txapelketan aritzeko, baina esku hartzea erabaki zuen, baita txapela jantzi ere. Bere markarik onena egiteko zorian egon zen, gainera, baina jasoaldi bat guttiagorekin gelditu zen, 82rekin. Maite Iriarte narbartearrak –joan den urteko txapelduna– 77 jasoaldi egin zituen, iazko kopuru bera, eta Ane Verde narbartearrak 67.
Txinga Eramate Txapelketan, emakumeetan, Esther Iriarte narbartearrak iaz jantzitako txapelari eutsi zion, 25 kiloko txingekin 16 plaza egin ondotik. Maite Bengoetxea urdazubiarrak 4 plaza eta 4,80 metro egin zituen eta hirugarren gelditu zen. Gizonezkoetan ere jokatzekoa zen, baina Migel Angel Sukuntza leitzarrak min hartu zuenez, eta bi kirolarik bakarrik eman zutenez izena, ezin izan zen jokatu.
Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketa ere Sanferminetan jokatu zen eta joan den urtean bezala, Miel Mindegia eta Juan Jose Lopezentzat izan zen garaipena. Halere, azkenera arte ez zen erabaki txapela, azken kanaerdikoaren bigarren aldea akitzear zirela pare-parean baitziren txapeldunak eta Floren Nazabal-Joxejuan Barberena bikotea, eta segundo eskas batekoa aldez gailendu ziren Mindegia eta Lopez (25:16). Nazabal eta Barberenak 25:17ko denbora egin zuten eta Donato Larretxeak eta Antonio Senosiainek 27:50ekoa.
Nafarroako Orga Joko Txapelketan iazko irabazleak txapela mantentzea lortu zuen: Joseba Petrirena beratarrak 140 kiloko orgarekin sei itzuli eta 11,16 metro egin zituen. Mikel Pikabea beratarra bigarren sailkatu zen, sei itzuli eta 5,27 metro egin ondotik. Hirugarrena Josetxo Urrutia leitzarra izan zen (4 itzuli eta 4,10 metro).
San Fermin Motozerra Sarian, azkenik, Oieregiko Estean Arruti hirugarren gelditu zen. Bigarren sailkatuak adina puntu lortu zituen, baina lehen hiru probetako denborak kontuan hartuz, hirugarren izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun