Abuztuaren 23an jokatuko da 47. aldikoz Kontrabandisten Lasterketa

Xan Harriague 2009ko uztailaren 22a

Kontrabandisten Lasterketako merkatua. TTIPI TTAPA

Egun berean, hemengo produktuen eta eskulanen merkatua izanen da plazan

Abuztuaren 23an izanen da abuztuko ekitaldi nagusia. Berrogeita zazpigarrena izanen da aurtengo Kontrabandisten Lasterketa.
Iaz Fernando Etxegarrai beratarrak irabazi zuen, eta aurten ere faborito nagusien artean da. Irabaziz gero, Ramuntxo Lamote bezala bost garaipen izanen lituzke plazatik Zazpi Fagoetara joan-etorria egiten duen lasterketan.
Lasterketaren beha egoten den bitartean, zeregiteko gauza anitz izanen da herriko plazan, usaian bezala, Turismo Bulegoak hemengo produktuen eta eskulanen merkatua antolatu baitu.

Kirolari lotutako ekitaldiak

Horrez gain, zernahi ekitaldi eginen dira heldu den hilabete honetan. Bestei dagokionez, abuztuaren 1ean errugbiarena izanen da eta 22an, berriz, pilotarena. Goizetik hasiz bi elkarteek hainbat erakustaldi prestatu dituzte, pilota partidak eta dantzak tartean. Bietan han berean bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izanen da, baita zintzurra bustitzeko ere.

Kantaldiak ortziralero

Ekitaldi kulturalak ere ez dira faltako. Euskal kantuek tarte zabala izanen dute, ortziral guziz kantaldi bat izanen baita elizan. Lehen korala Goraki izanen da eta ondoko ortziraletan Donibaneko Arin, Larrun Kanta eta Saiberri ariko dira, hurrenez hurren. Abuztuaren 6an, berriz, Gernika abesbatzak kantatuko du, honek ere elizan. Ekitaldi horiez gain, beste hainbat erakustaldi eskainiko dira hilabetean, pilota, dantza eta herri kirolak, besteak beste.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun