2012 edo 2013an baizik ez da prest izanen karrika nagusiko saihesbidea

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 22a

Saihesbideaz gain, bi zubi eta bi itzulbide ere eginen dira

Uda guziz, eta funtsean urte osoan, auto metatze haundiak sortzen dira karrika nagusian. Horri buru egiteko, saihesbide bat eginen du Pirineo Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiak.
Dena den, Ttipi-Ttapak jakin du lan hori uste baino berantago bururatuko dela. Bide berria hiru edo lau urteren buruan baizik ez da prest izanen. Horrek erran nahi du metatze ederrak ikusiko ditugula oraino gelditu gabe haunditzen ari den herrian. Traba ainitz, beraz, ibiltzeko, eta zonbait ospakizunen karietarat, konparazione herriko bestetan. Saihesbidea izanen delarik, karrika nagusia hesten ahalko da baina urte batzutan oraino ehunka auto eta kamiun jasan beharko dira.

Lanak zatika

Saihesbidearen lanak laster hasiko dira Philippe Mazaud Kontseilu Nagusiko lanen arduradunak Ttipi-Ttapari erran dionaz. Dena den, uste baino luzeagoak izanen dira zatika eginen baitira. Departamenduak obra bat baino gehiago egin behar omen du denbora berean eta nahi baino dirutza ttikiagoa dauka. Saihesbidearen bideaz gain, bi zubi eta bi itzulbide egin beharko dira Olhako Ama Birjinaren itzulbidea eta Ibarrungo bidea lotzeko Urgurin barna. Jandarmeriaren ondoan izanen diren itzulbidea eta zubirat gateko bidea altxatzeko deialdi publikoa egin du jadanik Kontseilu Nagusiak. Uda hondarrean, bigarren deialdi publikoa zabalduko du lehen zubia eraikitzeko.

20 jaberen lurrak

Saihesbidea egiteko, Kontseilu Nagusiak lurrak hartuko dizkie hogoi bat jaberi. Untsalaz ez dituzte kanpo emanen, den-dena akortean egitea nahiago baitute eta iduriz momentuz negoziazioak ongi iragaiten ari dira, beti ere Kontseilu Nagusiko lanen arduradunaren erranetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun