Uztailaren 15az geroztik, bisita gidatuak egiten ari dira herrian, eta irailaren 15era arte horretarako aukera izanen da. Aurten lehenbiziko aldiz proposatu den ekimena da eta dudarik gabe, aukera paregabea, herria eta herriko kontuak ezagutzeko.
Alde batetik, Historiaz beteriko etxeak izenburupean, karriketan barna bisitak egiten ari dira, larunbat eta igandetan, 12:00etan eta 17:00etan plazatik abiatuta. Ibilbideak ordubete irauten du eta bisita hasi baino 15 minutu lehenago Sorginen Museoan egoten dira txartelak eskuragarri. Helduentzako prezioa 2 eurokoa da eta haurrena euro batekoa.
Horrez gain, Ilargi betea sorginen larrea izeneko bisita antzeztuak ere eskaintzen ari dira sorginen leizean. Hauek ortziraletan egiten dira, 20:00etan museotik abiatuta. Bisita hauen iraupena ordu bat eta 15 minutukoa da eta prezioa, berriz, helduen kasuan, 8 eurokoa eta haurretan 4 eurokoa. Aitzinetik erreserbatzea nahitaezkoa da, eta horretarako helbide honetara idatzi behar da: info@zugarra murdi.es edo bertzela, deitu telefono honetara: 948 599004.