Imsersoko 1.200 lagun hartuko ditu bainuetxe berriak urtea bukatu arte

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 22a, 13:10
Ekainaren 28az geroztik hainbat bisitari hartu ditu bainuetxeak. TTIPI TTAPA

10,2 milioi euro kosta dira lanak eta Gobernuak 2 milioi bideratu ditu

Inaugurazio ofizialaren zain, ekainaren 28az geroztik, martxan dago bainuetxe berria. Hamar urteotako lanaren emaitza izan da, izan ere, egokitzeko lehen urratsak 1999an egin ziren. Egitasmoa errealitate bihurtuta, dagoeneko lehen erabiltzaileak balnearioa ezagutzeko aukera eduki dute eta urte bukaera bitarte 1.200 lagunendako lekua hitzartua dute Imsersorekin. Balnearioaren barne, putzu eta igerilekuekin batera, hiru eraikin daude, bakoitza 25 logelekin.
40 lagunek egiten dute lan bainuetxean, eta horrez gain, garbitasun zerbitzuak azpikontratatuak dituzte. Bainuetxeko zuzendaria Lorena Galarregi herritarra da. 6.000 metro koadroko bainuetxea egiteko, 10,2 milioi euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak kasik bi milioi jarri ditu, 2004, 2005 eta 2006ko aurrekontuetan. Hiru erakunderen elkarlanaren emaitza izan da: Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa, Nafarroako Gobernua eta Udala.
Lerro hauek idazterakoan, inaugurazio ofiziala noiz izanen den ez zegoen zehaztua, baina uztailaren 3an, Nafarroako Gobernuko ordezkariak bisitan izan ziren. Juan Ramon Corpas Kultura eta Turismo kontseilaria eta Carlos Erce Turismo zuzendaria etorri ziren. Corpas gustura agertu zen bainuetxearekin: «Fiterorekin batera, Nafarroako bainuetxeen turismo eskaintza aunitz zabalduko du, baina batez ere, eskualderako garrantzitsua izanen da, lanpostuak sortu dituelako». Egun berean, Nicolas Iribas bainuetxeko kudeatzaileak jendeari «inguru zoragarriaz, gastronomiaz eta uren kalitateaz gozatzera etortzeko» gonbitea luzatu zion.

‘Ur osasungarria’

Bainuetxera ailegatzen den urari dagokionez, Inma Irisarri hidrologia medikuaren arabera, «minero-medizinala da eta batez ere kloroa, sodioa eta burdina dauzka, azaleko arazoentzat hagitz egokiak; ur-litro bakoitzeko 333 miligramo gatz du urak, Europan eta kasik munduan gehien duena, eta hainbat oinaze mota sendatzeko egokia da, kloro eta sodio aldetik mineral aunitz baitu». Gaineratu zuenez, ura 14 gradu eta erditan ailegatzen da eta berotu behar izaten dute putzuetara isurtzeko. «Baita gatza kendu ere, flotatzeko putzuan izan ezik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun