2004ko ekainean ireki zituen bere ateak Dizdira Elkarteak zonaldeko buru eritasun larria –eskizofrenia eta trastorno bipolarra batez ere– duten pertsonei eta beraien familiartekoei zerbitzua eskaintzeko. Hortarako Anasaps (Buru Osasunaren Nafarroako Elkartera) atxiki ziren. Felix Oses (familiartekoa) eta Ainhoa Arburua (psikologoa) izan ziren proiektua aitzinera atera zutenak. Hasiera hartako helburuak bazkideak bilatu, dirulaguntzak eskatu eta Arreta Zuzeneko Programa eta Denbora librekoa martxan jartzea izan ziren. Ez zen erraza izan, baina urte batez lan gogorra egin ondotik, lehenengo urtean 60 inguru bazkide izatera eta bertze hainbat kontsulta eta beharren bilketa egitera ailegatu ziren.
Ibilbide honetan, 2005ean Eskuhartze Psikosozialerako programa martxan jarri eta Elizondon Errehabilitazio Psikosozialerako Zentrua edo Eguneko Zentrua ireki zen. Horrez gain, 2006an Etxalarko Larraburua etxebizitza komunitarioaren erabilerarako lankidetza-hitzarmena sinatu zen. Etxean lan egiteko Edurne Elizagoien psikologoa kontratatu zen. 2007 eta 2008an programa guzti hauek mantendu ziren, baina langilegoan aldaketa batzuk izan ziren eta Elizagoien gelditu zen Dizdira Elkarteko arduradun eta langile bakarra.
Gaur egun Anasapsek Iruñean eramaten dituen programa berdinak eramaten dira Dizdiran: Arreta Zuzena goizetan Doneztebeko egoitzan; esku-hartze psikosozialerako programa arratsaldetan zonalde osoan; denbora libreko programa hilean behin egindako ateraldiekin eta sentsibilizazio eta dibulgazioa, poesia errezitala, ipuin kontalaria...
Edurne Elizagoien da langile bakarra, eta Felixek batzordean utzitako tokia Egoitz Telletxea familiartekoak hartu du. Egoera ekonomikoari dagokionez, Nafarroako Gobernutik hartzen ditu elkarteak dirulaguntza nagusiak, baina aldi berean, Elizagoienek dioenez «hagitz garrantzitsua da bazkide berriak izatea eta zonaldeko instituzio eta udalek beraien aportazioak egitea elkartea mantentzeko». Bazkide egiteko ez da elkartera deitu bertzerik egin behar: 948451 443.
Etorkizuneko proiektuen artean hiru aipatu ditu Elizagoienek: egungo programak mantentu eta areagotu; parte-hartzea bultzatu interesatuak eta bazkide berriak egiteko eta azkenik, denbora libreko programa indartzea.