Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak txapelketaz txapelketa segitzen dute. Azkena Bartzelonan jokatutakoa izan zen, uztaileko lehen asteburuan, Kataluniako Sari Nagusian. Denboraldia hainbat arazorekin hasi zuen, baina aldi hartan hobeki moldatu zen.Uztailaren 4ko lehenbiziko karreran ez zuen eguna aldeko izan eta gurpila galduta, halabeharrez, lasterketa utzi behar izan zuen. Bigarren karreran, 27. postuan abiatu zen, eta lan ikusgarria eginez, 12. izan zen Europa mailan eta Espainiako Txapelketari begira hirugarren postua eskuratu zuen. Biharamuneko saioan, berriz, lehen karrera estua izan zen eta 14. gelditu zen eta bigarrenean hainbat istripu izanagatik 8. sailkatu zen. Espainiako txapelketarako bi bigarren postu lortu zituen. Hurrengo karrerak Alemaniako Nurburgringen jokatuko ditu, hilaren 24an eta 25ean.