Aitzineko aldi batean, Niko Mindegiak abuztuan eskubaloiko junior mailako mundiala Espainiako selekzioarekin jokatuko zuela iragarri genuen. Baliteke, ordea, ez doneztebar bakarra izatea. Izan ere, selekzioan ohikoak diren jokalari batzuk falta direlako, Ibai Meokik ere mundialerako abisua jaso du. Uztailaren 13az geroztik Gijonen kontzentratuak daude entrenatzen eta han egonen dira 14 egunez. Hilaren 30etik aitzinera Pintora joanen dira eta abuztuaren 3an Egiptora. Abuztuaren 4tik 19ra jokatuko da Egiptoko mundiala. Azken orduko aldaketarik ez bada, mundialean ariko dira Mindegia eta Meoki.