%7,33 jautsi zen eskualdeko langabezia ekainean

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 21a, 15:50

Hala diote datu ofizialek, nahiz eta lan-egoerak bertze sentsazio bat eman

Langabeziak 71 lagunetan beheiti egin du eskualdeanekainean, %7,33 jautsiz, Doneztebeko Enplegu Bulegotik emandako datuen arabera. Gure inguruko lan munduan, Lan Erregulazio Espedienteak direla-eta, bertzelako sentsazio bat somatzen bada ere, datuek diotenez, Nafarroa osoko bulegoen artean langabezia gehien jautsi dena da Doneztebekoa. Orain mila langabetuen mugatik beheiti etorri da langabetu kopurua eta 897 langabetu zeuden ekain hondarrean. Nafarroa osoan ere zertxobait beheiti egin du langabeziak, %0,66, baina maiatzean bezalaxe, Doneztebekoa da bulego guzien artean jautsiera handiena izan duena.

379 kontratu, 58 bakarrik mugagabeak

Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 379 kontratu gauzatu ziren ekainean, eta horietatik 58 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.

Adin guzietan eta bi sexuetan beheiti

Adina eta sexuari dagokionez, guztietan somatu da jautsiera, baina 25 urtetik goitiko gizasemeen artean somatu da jautsierarik handiena eta orain 378 dira, maiatzean baino 44 guttiago. 25 urtez goitiko emakumeen artean ere beheiti egin du langabeziak ekainean, adin horretako 402 emakume langabetu baitzeuden, maiatzean baino 12 guttiago. Gazteenen artean ere jautsi egin da langabezia. 25 urtez beheitiko 81 gizaseme daude lanik gabe, maiatzean baino 10 guttiago eta 25 urtez beheitiko emakumeen artean, maiatzean baino 5 guttiago daude, 36.

Lan arlo guzietan beheiti

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabetu gehien, baina jautsiera handia izan du ekainean. Gaur egun 464 langabetu daude, maiatzean baino 22 guttiago. Industrian ere jautsiera handia izan du langabeziak ekainean eta 263 dira, maiatzeab baino 29 guttiago. Eraikuntzan ere maiatzean baino 6 langabetu guttiago daude, 99; nekazaritzan ere beheiti egin du langabeziak, 10 baitira langabetuak, maiatzean baino 9 guttiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean ere 5 lagunetan beheiti egin du langabetu kopuruak eta 61 ziren ekain hondarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun