EHNE eta UAGNko esne ekoizleek bat egin dute sektoreak «udazkenera arte» soilik iraun dezakeela salatzeko

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 21a, 15:44
Esne-behiaren krisi larriaz ohartarazi dute Nafarroako abeltzainen bi sindikatu nagusiek. TTIPI TTAPA

Litro bat esne ekoizteak 0,38 euroko kostua eragiten die eta 0,27 bakarrik ordaintzen zaie

Astelehenean, uztailaren 20an beste agerraldi historikoa egin zuten Iruñean EHNEk eta UAGNk. Fermin Irigarai EHNEko presidenteak eta Joaquin Iriarte UAGNko presidenteak esnegintzaren egungo egoera «larriak eta eutsiezinak» eraman ditu bi buruzagiok eskutik helduta mobilizazioak batera egitera. Iruñeko agerraldian Mariado Iturralde Donamariako ekoizlea eta EHNEko ordezkaria ere izan zen. Irigaraik ohartarazi du sektorearen prezioen politikan aldaketarik ez bada, esne ekoizleek gehienez «udazkenera arte» iraunen dutela. 

Gaur egun, Nafarroako baserritarrei litro bat esne ekoizteak 0,38 euroko kostua eragiten die banaz bertze; aldiz, esne industriak 0,27 euro ematen dizkie litro baten truke : «Ez dago egoera honi eutsi ahal dion norbanakorik, ezta ekimen publikorik ere», laburbildu zuen Irigaraik. Sindikatuen arabera, iragan urteko prezioekin alderatuz gero, abeltzainei %27 gutxiago ordaintzen zaie oro har. 

Industriaz gain, egoeraren errudun egin dituzte saltoki handiak. Irigarairen aburuz, banatzaile handiek «inolako ardurarik gabe» jokatzen dute, bezeroak erakartzeko «arma gisa» erabiltzen dutelako esnea. 

Iriarteren aburuz, berriz, administrazioak krisia konpontzeko esku hartu beharra du: «Egoera honetan administrazioa epaile eta alderdi da, eta krisi honen konponbidean funtzio oso garrantzitsua du». 

Urnietan Iparlaten egoitzan EHNEk eta Enbak deituta duten elkarretaratzean parte hartzeko asmoa du UAGNk ere. Uztailaren 28an Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzaren aitzinean elkarretaratuko dira, 12:00etan eta hilaren 30ean, berriz, Corte Ingles aitzinean. 



Akordioa

Joan den astean, Espainiako Nekazaritza Ministerioak, esne industriak, banatzaile handiek eta sindikatuek bederatzi puntuko akordio bat lortu zuten, bertzeak bertze, esne ekoizle eta industriaren arteko kontratu homologatuak babesten dituena eta prezioen kalkulurako batez ere Frantziako urteko prezioa kontuan hartzen duena. 

Uztailaren 20an zen berrestekoa akordio hori. UAGNk ohartarazi zuen elkarrizketa horiek «berretsi eta bide onera ailegatu arte» mobilizazioekin segituko dutela. EHNEk, berriz, berretsi du abeltzainaren iraupena bermatuko duen gutxieneko prezio bat jaso beharra duela akordio orok.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun