«Orain arte egurraren salmentatik ateratakoarekin dena estali izan dugu»

Gurutze PIKABEA 2009ko uzt. 20a, 15:42
TTIPI TTAPA

• 68 urte ditu Apeztegi Goiako Pedro Deskargak. Erretiratua da eta azken bi legealdi hauetan bera da Eratsungo alkatea.

• Herrian lurrekin gorabeherak batzuk zeudelako aurkeztu zen Iruñarri taldearekin 2003ko hauteskundeetan, eta urte hartan izendatu zuten alkate.

• Azken urteotan biztanleriak beheiti egin du Eratsunen: azken 10 urteotan ia 100 lagun guttiago bizi dira. Momentu honetan, etxe berriak egiten ari direla kontatu digu alkateak, baina «gehienak asteburuetan etortzeko dira».

Nolatan aurkeztu zinen hauteskundeetara?
2003an izan zen. Gehienbat lurrekin arazoak zeudelako aurkeztu nintzen. Hitzarmen baten bitartez, partikularrak ziren zenbait lur herriaren izenean paratzen hasi zen Udala, eta gu ez geunden konforme. Atera kontuak, 2003ko hauteskundeetan parte-hartzea ia %100ekoa izan zen. Orduan bi talde aurkeztu ginen eta bost ordezkaritik lau gure taldekoak izan ginen. Iruñarri taldearen izenean aurkeztu ginen, denak ere berriak, lehendik udaletxean egon gabekoak. 2007an, berriz, gu bakarrik presentatu ginen.
Bi legealdi hauen zein balorazio egiten duzu?
Ona, ez dugu eztabaidarik izan, eta uste dut jendea ere gustura dagoela. Lur eremu horien kontua konpontzeko itxaropena ere eman digute Nafarroako Gobernuan eta horretan ari gara.
Zein dira Eratsunek begi-bistan dituen proiektuak?
Lurren arazoa konpondu nahi dugu. Horrez gain, Hirurteko Planean proiektu bat onartu digute. Aurreko Hirurteko Planean herritik harrobira bitarteko bidea berritu genuen. Eta orain herria zeharkatzen duen bidearen azpitik dauden karriketan zola berrituko da.
Lan haundia eskatzen du Erantsungo alkate izateak?
Ez da lan haundia, bainak taldeko lagunak denak kanpoan ari dira lanean eta astez behintzat neronek egin behar dut. Osasunez ongi egonez gero, egiten da baina arazo batzuk baditut eta...
Otsaileko uholdeek kalteak eragin zituzten herrian, ez?
Bai, lan batzuk baditugu egiteko. Iruñarriko antenarako bidea hondatu zen baina hura Nafarroako Gobernuak konpontzea lortu genuen. Beste bide bat ere badugu kaltetua, garai batean baserrietara joateko bide zaharra zena. Hori moldatu nahi dugu, baina oraindik ez dakigu subentziorik jasoko dugun.
Krisia nabaritu da Eratsunen?
Egurraren krisia dago hemen. Mendiak markatuak ditugu baina ezin dugu egurra saldu. Ez dakit zer eginen dugun, egurraren salmentatik ateratako diruarekin dena estaltzen baikenuen. Ez joan den urtekoak, ez aurtengoak ere ez daude salduak eta ez dut uste martxa izugarria dutenik. Egurraren salmentatik 10-11 milioi pezeta ateratzen genituen krisia ailegatu zen arte, eta aurretik gehiago. Aipatze­koa da, frontoi berria egin zela, eta 12 urtez hura ordaindu behar dela.
Zein dira inbertsiorik haundienak? Mendiko mantenimendu lanak, bestak antolatzea...
Nola ikusten duzu Eratsun momentu honetan?
Biztanleria beheiti doa. Azken aldian etxe batzuk egin dira eta egiten ari dira, baina jendeak asteburuetan etortzeko ditu. Kanpoan lan egiten du eta herritik kanpo bizi dira.

«Ez da lan haundia alkate izatea, baina taldekoak kanpoan ari dira lanean eta astez behintzat neronek egin behar dut. Osasunez ongi egonez gero, egiten da, baina arazo batzuk baditut eta... »

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun