Hamar izokin bertzerik ez dira arrantzatu denboraldi honetan

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 20a, 16:51
Ernesto Gaintza beratarrak Lehenbizikoa ez ezik bertze hiru izokin arrantzatu ditu TTIPI TTAPA

Igandean itxi zen azken 24 urteetako sasoirik txarrena

Igandean itxi zen izokin arrantza denboraldia Bidasoan eta azken 24 urteotako kaxkarrena izan da, hamar izokin bertzerik ez baitira ateri. Hasi, ongi hasi zen, denboraldia ireki zen egunean, apirilaren 1ean atera baitzuen Lehenbizikoa Ernesto Gaintza beratarrak, kasik 7 kiloko ale ederra. Aste berean, apirilaren 5ean, denboraldiko handiena atera zuen Norberto Mitxelena lesakarrak, 7,200 kiloko izokina. Apirilaren 17an, Angel Mari Manterolak sei kilo terdiko izokina atera zuen eta hilabete terdi esperatu behar izan zuten arrantzaleek hurrengo izokina ateratzeko. Ekainaren 4an, Ernesto Gaintza berak atera zuen 3,250 kiloko alea. Biharamonean Gregorio Urzelaietak atera zuen 5,600 kiloko arraina.

Ekainaren 20an bi

Egunik onena ekainaren 20a izan zen, izokin bana atera baitzuten Ernesto Gaintza eta Juan Otamendi beratarrek. Ekainaren 24an Jose Luis Celihuetak atera zuen bertze izokin bat eta denboraldiko azkenaurrekoa eta bere laugarrena Ernesto Gaintzak atera zuen uztailaren 2an. Azkenik, aste hondar honetan, Zangozako Gallok atera du hamargarrena.

324 izokin 1966an, 1982an alerik ere ez

Hain zuzen Ernesto Gaintza aurtengo txapeldunaren aitak, Jose Mari Gaintzak gordetzen ditu urtez urteko harrapaketen zerrenda 1939tik. Orduan 25 izokin arrantzatu ziren. Urterik onena 1966a izan zen, 324 izokinekin. Urterik kaxkarrena, aldiz, 1982a izan zen, alerik ere ez baitzen harrapatu. Baina kontuan hartuz joan den urtean, 2008an 46 harrapatu zirela eta 2007an 50, aurtengoa aski urte txarra izan dela erraten ahal da.

Arrantzaleen kezka

Arrantzaleak kezkatuak daude egoerarekin, baina ez dakite garbi zein den arazoa. Batzuk N-121A errepideko lanak aipatzen dituzte, bertze batzuk erreketatik Bidasoara ur nahikorik ez dela ailegatzen diote, baina gehienek arazoa itsasotik datorrela uste dut, izan ere, Asturiasko erreketan ere arazo berdintsua dute. Aurten, bertze berri ilunak ere izan dira izokin arrantzan, hain zuzen Zalain-Zokoko Joxe Esteban Telletxea eta Irungo Andres Urzelaietaren heriotzak. Azken hau omen zen, mila izokin baino gehiago arrantzatu dituen pertsona bakarra eta Joxe Estebani dagokionez, bere afiziorik gustokoenean harrapatu zuen heriotzak, erreka bazterrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun