Tubi bizkaitarrak irabazi du Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 20a, 13:10
Xabi Sein eta Iñaki Bereauk azken bi urteetan lortutako txapelei ezin izan diete eutsi aurten igantziarrek TTIPI TTAPA

Iñaki Bereau azpitxapeldun izan zen larunbatean Otxandion

Joxemartin Bustintza Tubi bizkaitarra irabazi du Euskadiko Lasto-jasotze Txapelketa, uztailaren 18an Otxandion (Bizkaia), 24 jasoaldi eginda. Dimako kirolariak 24 jasoaldi egin zituen, eta txapelketako marka ezarri zuen. Izan ere, 2007an, Xabier Sein igantziarrak 23 jasoaldi egin zituen, Getxon. Hirugarren urtez jokatu da txapelketa, eta zortzi kirolari lehiatu dira: Joxemari Atutxa (Dima, Bizkaia), Jon Lapazaran (Markina, Bizkaia), Oskar Teietxea (Igantzi), Iñaki Bereau (Igantzi), Carlos Sein (Igantzi), Igotz Ardeo (Getxo, Bizkaia), Joxemartin Bustinza Tubi (Dima, Bizkaia) eta Unai Ardeo (Getxo, Bizkaia). Zortzi kirolariek 45 kiloko lasto-fardoa erabili dute, 7 metrora goratuz. Zoritxarrez, Gipuzkoako kirolariek ez zuten aritzerik izan, ordu berean Gipuzkoako Txapelketa jokatu zelako.

Tubiren marka

Joxemartin Bustintza Tubi txapeldunak 37 urte ditu, eta zortzi kirolarien artean bera izan da pisutsuena (114 kilo). Zazpigarren aritu da lanean, eta ordu arte Iñaki Bereau iazko txapeldunak zuen markarik onena egina saioan (21 jasoaldi, eta 22.a bi segundo eta 7 ehunenetan). Bustintzak, ordea, ondu egin du marka hutsik egin gabe eta kolpe sendoak emanda.
Iaz laugarren sailkatu zen Bustintza, 22 jasoaldi eginda, Bereau, Carlos Sein eta Oskar Telletxeark bezalaxe. Dimoztarrak taxuz prestatu du aurtengo txapelketa, eta baita gustura jantzi ere txapela lehen aldiz. Iazko txapelketan aritu ziren gaurko gainerako partaideen artean, Jon Lapazaranek eta Joxemari Atutxak hobetu dute iazko marka. Igantziarrei dagokienez, iaz Igantzin podiumeko hiru koxkak hartu bazituzten ere, aurten bigarren, bosgarren eta seigarren izan dira.

2009ko sailkapena

1. Joxemartin Bustintza Tubi: 24 jasoaldi
2. Iñaki bereau (Igantzi, Nafarroa): 21 jasoaldi (22. Jasoaldia: 02.66)
3. Jon Lapazaran (Markina, Bizkaia): 21 jasoaldi (22. Jasoaldia: 02.07)
4. Joxemari Atutxa (Dima, Bizkaia): 21 jasoaldi
5. Carlos Sein (Igantzi, Nafarroa): 19 jasoaldi (20. Jasoaldia: 02.11)
6. Oskar Telletxea (Igantzi, Nafarroa): 17 jasoaldi (bi ustel egin ditu)
7. Unai Ardeo (Getxo, Bizkaia): 17 jasoaldi
8. Igotz Ardeo (Getxo, Bizkaia): 16 jasoaldi

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun