Irailaren 15a bitarte bisita gidatuak eginen dira Zugarramurdiko herrian eta leizean

Margari eta Koro 2009ko uzt. 17a, 15:41

"Ilargi betea sorginen larrea" bisita antzeztuak eginen dira ortziraletan. TTIPI TTAPA

Ortziraletan leizera bisita antzeztua eta larunbat eta igandetan herriko karriketan ibilbideak eginen dira

Uztailaren 15az geroztik, bisita gidatuak egiten ari dira herrian, eta irailaren 15era arte horretarako aukera izanen da. Aurten lehenbiziko aldiz proposatu den ekimena da eta dudarik gabe, aukera paregabea, herria eta herriko kontuak ezagutzeko.

Historiaz beteriko etxeak larunbat eta igandetan

Alde batetik, “Historiaz beteriko etxeak” izenburupean, karriketan barna bisitak egiten ari dira, larunbat eta igandetan, 12:00etan eta 17:00etan plazatik abiatuta. Ibilbideak ordubete irauten du eta bisita hasi baino 15 minutu lehenago Sorginen Museoan egoten dira txartelak eskuragarri. Helduentzako prezioa 2 eurokoa da eta haurrena euro batekoa.

Ilargi betea sorginen larrea ortziraletan

Horrez gain, “Ilargi betea sorginen larrea” izeneko bisita antzeztuak ere eskaintzen ari dira sorginen leizean. Hauek ortziraletan egiten dira, 20:00etan museotik abiatuta. Bisita hauen iraupena ordu bat eta 15 minutukoa da eta prezioa, berriz, helduen kasuan, 8 eurokoa eta haurretan 4 eurokoa. Aitzinetik erreserbatzea nahitaezkoa da, eta horretarako helbide honetara idatzi behar da: info­@zugarra murdi.es edo bertzela, deitu telefono honetara: 948 599004.

Museoan eta leizean ordutegi berria

Aurten ere, uda sasoian ordutegi berria izanen dute Sorginen Museoak eta leizeak. Uztailaren 15az geroztik, leizea egunero irekia dago, 10:30etik 20:00etara eta museoa, berriz, astelehenetan eta astearte goizetan itxita egon arren, gainerako egunetan irekia dago. Astearte arratsaldetan 16:00etatik 19:30era eta asteazkenetik igandera 11:00etatik 19:30­era zabalik dago. Ordutegi berri hauek irailaren 15era bitarte iraunen dute.

Prezioa

Prezioei dagokienean, leizean sartzeko helduek 3,5 euro ordaindu behar dituzte eta haurrek 2 euro. Museoan, ordea, helduen sarrera 4 euro kostatzen da eta haurrena 2 euro. Aipatzekoa da, museoko sarrerarekin beherapena dagoela leizean sartzeko eta alderantziz ere bai, leizekoarekin museoan sartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun