Cultur programaren edizio berria Nafarroako leku turistikoetan ibiliko da abuztuaren 30era arte

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 16a

Cultur programa iragartzen duen kartela. TTIPI TTAPA

Kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak eta ardo dastatzeak antolatu dituzte 27 herri eta interesguneetan

Cultur programaren edizio berria uztailaren 17an hasi eta abuztuaren 30ean akautuko da da. Denbora horretan hainbat kultur ekitaldi eginen dira Nafarroako toki turistikoetan. Honela, Irantzuko monasterioko klaustroa, Orreagako errege kolegiata eta Los Arcos, Viana, Gares eta Oliteko elizak kontzertuetarako eszenatoki bihurtuko dituzte, eta musika ekitaldiak eginen dira, baita ere, Iratiko Oihanean eta Orgiko Hariztian. Horrez gain, Otsagabia, Elizondo eta Lekunberriko karriketan tradizioa eta folklorea izanen dira ikusgai: dantza ikuskizunak, herri kirolak eta artisauen erakusketak eginen dituzte. Gainera, Lizarra eta Zangozako oinetxe eta jauregietan artista nafarren musika berria egonen da entzungai; Nafarroako artistak dira, hain zuzen, Cultur programako protagonista garrantzitsuenak. Pintura eta eskultura erakusketak ere egonen dira, Oliteko errege jauregian, Bertizko Jaurerrian eta Agoitz eta Lekunberriko kultur etxeetan, hain zuzen.

Bertiz, Donamaria eta Elizondon

Eskualdeari dagokionez, ortziralean, uztailaren 17an, Marta Loredoren margo erakusketa zabalduko da abuztuaren 30a arte Bertizko jauregian. Uztailaren 24an, 19:30ean, Donamariako Jauregian Ganbara kontzertua aditzeko aukera izanen da Josetxo Goia Aribe eta Pello Ramirez, saxofoi eta biolontxelo joleen eskutik. Abuztuaren 1ean, artisautza feria eta herri kirol ikuskizuna izanen dira Elizondoko Merkatu Plazan. Abuztuaren 21ean, Donamariako Jauregian, “Los sones del Medievo en el siglo XXI” edo Erdi Aroko doinuak XXI. Mendean izeneko emanaldia eskainiko da 19:00etan. Abuztuaren 29an, Elizondon berriz ere feria izanen da eta kontzertua Mr. Dixie Jazz Band taldearen eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun