Larunbat honetan, uztailaren 18an, erabakiko da Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa Otxandioko plazan, arratsaldeko 18:00etan hasiko den saioan. Joan den urteko finala Igantzin izan zen eta hamabortz kirolari izan ziren. Aurten, zortzi bertzerik ez dira izanen, egun eta ordu berean Gipuzkoako txapelketa jokatuko delako eta Xabier Sein igantziarra min hartua dagoelako. Gainera, Joxe Lapazaran, Andde Arbenoitz, Koldo Murgiondo eta Estebe Hualdek ere ez dute parte hartuko.
Hiru igantziar eta bortz bizkaitar
Beraz, iazkoan hiru lehenbiziko postuak eskuratu zituzten Iñaki Bereau, Carlos Sein eta Oskar Telletxea igantziarrekin batera bortz bizkaitar ariko dira: Markinako Jon Lapazaran, Dimako Joxemari Atutxa eta Joxemartin Bustintza “Tubi” eta Getxoko Unai Ardeo eta Igotz Ardeo.
Nafarroakoan Carlos Sein nagusitu zen
Joan den urtean Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketak irabazi zituen Iñaki Bereauk, baina aurten Carlos Seinek irabazi du Nafarroako txapelketa, 13 ehuneneko aldea aterata Bereauri. Euskal Herrikoan ere bien arteko lehia espero da, baina Oskar Telletxea eta Tubi ere kontuan hartu beharko dira.