Banaz bertze 22.000 euro kostatzen da ezkontza bat Nafarroan

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 14a

Krisian egon arren, prezioek ez dutela beheiti egin dio Iratxe Kontsumitzaile Elkarteak

Ezkontzea ez da batere merkea. Hala erakusten dute datuek. Bazkaria, jantziak, argazki bilduma... Bikote aunitzentzat zaila izaten da gastu horri aitzin egitea. Berriki Iratxe Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak Nafarroan egindako ikerketa baten arabera, 150 gonbidatu dituen ezkontza baten gastua ez da 22.000 euro baino baxuagoa. Krisi garaia izanagatik, ezkontza baterako kontratatzen diren zerbitzuen prezioak ez dira jautsi, mantendu edo igo egin dituzte. Edonola ere, krisiak izan du ezkontzetan eragina, gonbidatuen kopuruan, adibidez. «200 gonbidaturen ordez 150 izanik, 5.000 euro aurrez daitezke», dio Iratxek.

Bazkaria aurrekontuaren erdia

Bazkaria izaten da gasturik haundiena eragiten duena, gastu osoaren %50a. 150 gonbidatu dituen bazkari bat 15.000 euro kosta daiteke. Prezio horren azpitik dabiltzan jatetxeak badira, baina guttieneko prezioa pertsonako 100 eta 125 eurokoa da.

Jantziak

Gastu haundia eragiten duen bertze kontua, emakumearen kasuan, soinekoa izaten da. Iratxek egindako ikerketaren arabera, «ez dira mila euro baino merkeagoak». Bataz bertzeko prezioa 1.200 eurokoa da. Gizonezkoaren jantzia merkeagoa izaten da, «700 euro inguru», Iratxeren hitzetan. Jantziei osagarriak gehitu behar zaizkie: ilea-apaindegia, makillajea... 450 euro gehiagoko gastua ekar dezakete horiek guztiek.

Argazkiak,bideoa eta musika

Argazki edo bideo bilduma egitea ere ez da merkea. «Bataz bertze bilduma arrunt bat egitea 1.500 euro kostatzen da», adierazi dute Iratxetik. Gainera, argazkilariak bazkarian edo dantzatzerakoan gelditu behar badu, garestiagoa aterako da. Aintzat hartu beharreko bertze gastuak ere gogoratu ditu Iratxek: musikarien prezioa ez da 1.200 eurotik jaisten, loreak 300 euro kostatzen dira, eraztunak 250 euro, doako barra 1.500 euro inguru, autobusa kontratatuz gero, 750 euro, eta mokadua bazkariaren barne ez badago bertze 400 euro. Argazkien inguruan, jakingarri bat ere bai: argazkien negatiboak argazkilariarenak dira, eta ez ezkondu den bikotearenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun