Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak txapelketaz txapelketa segitzen dute. Azkena Bartzelonan jokatutakoa izan zen, uztaileko lehen asteburuan, Kataluniako Sari Nagusian. Denboraldia hainbat arazorekin hasi zuen, baina Montmelón hobeki moldatu zen. Uztailaren 4ko lehenbiziko karreran ez zuen eguna aldeko izan eta hamahirugarren postutik abiatuta, zortzigarrenera pasatu zenean, bertze kamioi batek gibeletik jo eta gurpila galduta, halabeharrez, lasterketa utzi behar izan zuen. Honela, bigarren karreran, 27. postuan abiatu behar izan zuen, eta lan ikusgarria eginez, hamabigarren izan zen. Espainiako Txapelketari begira hirugarren postua eskuratu zuen.
Uztailaren 5ean bi bigarren postu
Biharamuneko saioan, berriz, sailkapen proban hamalaugarren izan zen. Lehen karrera estua izan zen eta irteeran zuen postu berean akitu zuen, hamalaugarren. Bigarrenean hainbat istripu izan ziren eta hori aprobetxatuz zortzigarren postua lortu zuen. Espainiako txapelketarako bi bigarren postu lortu zituen igandeko proba horietan.
Alemanian uztailaren 24 eta 25ean
Hurrengo karrerak Alemaniako Nurburgringen jokatuko ditu, hilaren 24an eta 25ean.