Joseba Petrirena beratarra nagusitu da Nafarroako orga txapelketan

Artxibokoa 2009ko uztailaren 13a

Joseba Petrirenak bigarren urtez segidan irabazi du Nafarroako orga txapelketa TTIPI TTAPA

Mikel Mindegiak eta Lopezek segundu bakarrarengatik irabazi dute binakako aizkora txapelketa

Igandeko Foru plazako herri kirol jaialdian, Nafarroako Orga joko Txapelketa jokatu zen, eta iazko txapeldunak eutsi egin dio txapelari, hau da, Joseba Petrirena beratarrak. 140 kiloko orga erabili dute eta hiru kirolari aritu dira lehian: Joseba Petrirena (Bera), Mikel Pikabea (Bera), Josetxo Urrutia (Leitza). Iaz Joseba Petrirenak jantzi zuen txapela itzuli bat pasatxoko aldea aterata Igor Lasagari, eta aurten ere beratarra gailendu da. Petrirenak 21 urte ditu eta 1,94 metroko garaiera du. Doneztebeko futbol taldean ere ari da.

Sailkapena

1. Joseba Petrirena (Bera): 6 itzuli eta 11,16 metro
2. Mikel Pikabea (Bera): 6 itzuli eta 5,27 metro
3. Josetxo Urrutia (Leitza): 4 itzuli eta 4,10 metro

Mindegia eta Lopezek irabazi dute Nafarroako binakako aizkolari txapelketa

Miel Mindegiak eta Juan Jose Lopezek eutsi egin diote iaz jantzitako txapelari Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketan, igandean Iruñean. Hala ere, azken aikora-kolpe arte ez da erabaki txapela. Izan ere, azken kanaerdikoaren bigarren aldea bukatzear zirela pare-parean ziren txapeldunak eta Floren Nazabal-Joxejuan Barberena bikoa, baina segundo eskas batekoa aldeaz gailendu dira. Hortaz, bai Miel Mindegiak bai Juan Jose Lopezek bosna aldiz irabazi dute txapelketa hori bertze bikote batekin, baina igandekoarekin, bigarren urtez segidan irabazi dute txapelketa. Mindegiak 1999an irabazi zuen lehen aldiz Patxi semearekin; 2000an Etxeberriarekin; 2006an Daniel Vicenterekin, eta, aurten eta iaz Lopezekin. Juan Jose Lopezek, berriz, Nazabalekin irabazi zuen 2002an, 2003an eta 2005ean, eta, iaz eta aurten, Mindegiarekin. Hiru biko aritu dira lehian: Floren Nazabal-Joxejuan Barberena / Donato Larretxea-Antonio Senosiain / Juan Jose Lopez-Miel Mindegia Hiru bikoteek hamabina pago-enbor ebaki dituzte, hots, sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako. Lehen egurrean Larretxeak eta Senosiainek hartu dute probaren burua. Lehen lau enborretan, gainera, probaburu izan dira, baina bosgarren enbor horretako epaia itxi egin dute, eta hortik aurrera gibeleratu egin dira, eta hirugarren postuan akautu dute azkenean. Bosgarren egurrean, bigarren 60 ontzakoan, Mindegia eta Lopez txapeldunak aurreratu dira. Lanerdietara, ordea, Nazabal-Barberena bikoa heldu da aurretik, txapeldunei 5 segundoko aldea aterata. Bederatzigarren enborrean aurreratu dira txapeldunak, Nazabalek gerrialdean izan duen zaintiratua baliatuta. Hala ere, ez da aldea 21 segundotik goiti izan, eta azken aizkorakadak pare-parean eman dituzte bi bikoek. Proba horretako errekorra Nazabalek eta Antonio Jaunarenak ezarri zuten 20 minutu eta 42 segunkorekin 1994an. Aurten, berriz, 4 minutu eta 34 segundo gehiago behar izan dituzte.

Sailkapena

1. Miel Mindegia-Juan Jose Lopez: 25:16
2. Floren Nazabal-Joxejuan Barberena: 25:17
3. Donato Larretxea-Antonio Senosiain: 27:50

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun