Bost urte bete ditu Dizdira elkarteak

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 13a, 15:16

Egoitz Telletxea eta Edurne Elizagoien, Dizdirak Donezteben duen egoitzaren atarian. TTIPI TTAPA

Buru eritasun larriak duten pertsonei eta bere familiartekoei zerbitzua eskaintzen die

2004. urteko ekainean ireki zituen bere ateak Dizdira Elkarteak zonaldeko Buru Eritasun Larria, eskizofrenia eta trastorno bipolarra batipat, duten pertsonei eta beraien familiartekoei zerbitzua eskeintzeko. Hortarako Anasaps (Buru Osasunaren Nafarroako Elkartera) atxiki ziren. Orduan Felix Oses (Familiartekoa) eta Ainhoa Arburua (Psikologoa) izan ziren beraien indarrak proiektu honetan jarri zituztenak. Hasiera hartan oso garrantzitsua izan zen bazkideak bilatzea, diru laguntzak toki ezberdinetan eskatzea eta Arreta Zuzeneko Programa eta Denbora librekoa martxan jartzea. Hasiera guztiak bezala ez zen erraza izan, baina urte batez lan gogorra egin zuten Elkartearen fundatzaileak. Honela lehenengo urtean 60 inguru bazkide eta beste hainbat kontsulta eta beharren bilketa egin ziren. Ibilbide honetan, 2005.ean Eskuhartze Psikosozialerako programa martxan jarri zen eta honek Mertxe Mendiburu, psikologoaren kontratazioa ekarri zuen Arreta Zuzeneko programaz arduratzeko eta Ainhoak programa berria hartu zuen bere eskuetan. Garai hartan Miren Goienetxeren, Gizarte Langilea, laguntza izan zuten. Urte berean Elizondon Errehabilitazio Psikosozialerako Zentruak edo Eguneko Zentruak bere ateak ireki zituen zonaldean bertako buru eritasun larria zuten pertsonei beraien zerbitzuak eskeintzeko. Zentruaren gestioa Benito Menni-ren esku geratu zen eta Elkartetik bertara joateko ibilgailua jartzeko borroka egin zuen orduan juntako kide zen Felix Oses-ek. 2006.an aurreko guztiari Etxalarko Larraburua etxebizitza komunitarioaren erabilerarako lankidetza-hitzarmena sinatu zen Arnasketa programa aurrera eramateko Denbora libreko ekintzen barrenean. Etxean lan egiteko Edurne Elizagoien, psikologoa kontratatu zen. 2007 eta 2008an programa guzti hauek mantendu ziren, baina langilegoan aldaketa batzuk izan ziren: Mertxe Mendiburu Benito Menni zentruko psikologo izatera pasa zen, Ainhoa Arburua Sentsibilizazio eta Dibulgazioko arduradun izatera pasa zen. Guzti honen ondorioz Edurne Elizagoien gelditu zen Dizdira Elkarteko Arduradun eta langile bakar gisara, Etxalarko etxeaz Iruñetik arduratzen zirelarik. Azken urte hauetan Felix Oses juntakide izatetik Anasaps-eko lehendakari izatera pasa zen, 2009ko hasieran bere dimisioa aurkeztu zuen arte. Bost urtetako ibilbide honetan egindako esfortzu guztiak, bolondres moduan beti, gehiegizko nekea eragin zion eta elkartean nahiko egin zuela erabaki zuen.

Gaur egun

Gaur egunean Anasaps-ek Iruñean eramaten dituen programa berdinak eramaten dira Dizdiran: Arreta Zuzena goizetan Doneztebeko egoitzan; eskuhartze psikosozialerako programa arratsaldetan zonalde osoan; denbora libreko programa hilean behin egindako irtenaldiekin eta Sentsibilizazio eta Dibulgazioa bertako komunikabideekin harremanetan eta Poesia Errezitala, Ipuin kontalaria edo Mentalízate kanpaina bezalako ekitaldiekin. Langilegoaren aldetik, aipatu bezala, gaur den egunean Edurne Elizagoien da langile bakarra, Felixek batzordean utzitako tokia Egoitz Telletxea familiartekoak hartu duelarik. Egoera ekonomikoari dagokionez, Nafarroako Gobernutik hartzen ditu elkarteak bere diru laguntza nagusiak, baina aldi berean, Edurne Elizagoienek dioenez “oso garrantzitsua da bazkide berriak izatea elkartean eta zonaldeko instituzio eta udalek beraien aportazioak egin ditzaten Elkartea bertan mantentzeko, Gobernutik datozen laguntzak ez direlako inolaz ere nahikoak eta Elkartea bertan mantentzea bertakoentzat delako interesgarria batipat. Gaur egunean bazkide kuota minimoa 48 eurokoa da urteko, erabat sinbolikoa. Eta edozein izan daiteke bazkide, buru eritasuna izan, familiartekoa izan edo ez izan berdin dio. Azken finean pertsona hauei laguntzeko borondatea da garrantzitsuena”. Bazkide egiteko ez da elkartera deitu bertzerik egin behar. 948451 443 telefonora.

Egoitz Telletxea juntako kide berria

Joan den etsailetik Egoitz Telletxea lesakarrak ordezkatu zuen Felix Oses juntako kide eta delegazioko ordezkari bezala. Honek esan nahi duena zera da, Anasaps Elkartean Junta batek hartzen dituela erabakiak eta erabaki hauek koordinatzaile baten bidez eta langilegoaren bidez aurrera ateratzen dira. Edurne Elizagoienek adierazi digunez, “erran genezake junta dela Elkartearen burua eta langilegoa buru horrek erabakitzen duena antzinera ateratzen duena. Horretarako Egoitz dugu zonaldeko beharren eta egoeraren berri eramaten duena Iruñara, bertan erabaki ezberdinak hartzen ditueneko bat eta erabaki hoiek berriro zonaldera ekartzen dituena. Horretarako bilerak egiten dituzte Nafarroa guztitik hurbiltzen diren juntako kideak hamabostean behin eta bertan erabakitzen da Anasaps-en norabidea.

Etorkizunera begira

Etorkizuneko proiektuen edo erronken artean hiru aipatzen ditu nagusiki Edurne Elizagoienek: alde batetik, gaur eguneko programak mantentzea eta areagotzen joatea; bertzetik, elkartean partehartzera animatu interesatuak eta bazkide berriak egitea eta, azkenik, denbora libreko programari bultzada bat ematea eta indartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun