Senpereko bestetako herritarren bazkaria ospe haundiko hiru bertsularik alaitu dute aurten ere. Badira hiru urte bertsulariak gonbidatzen dituztela eta bertsuek beren tokia berriz hartzen dutela Matxin Irabola haundiaren herrian. Aldi huntan, Amets eta Maialen Arzallus anaia-arreba hendaiarrak eta Sustrai Colina urruñarra agertu ziren taula gainean. Oren erdi batez, ederrak bota zituzten eta entzuleek ongi irri egin zuten gan den urteko herriko bozak aipatu dituztelarik. Azken urteetan bezala, iaz ere hiru zerrenda aurkeztu ziren eta hiru bertsulariak hiru zerrendaburuak balira bezala mintzatu ziren. Maialen, Christine Bessonart auzapeza zen; Amets, Pierre Marie Nousbaum eta Sustrai, Jef Bederede. Gorabeherak gorabehera Europako mintzaira zaharrena aitzinera ari da Senperen ere. Duela 10 edo 20 urte nork erranen zuen bertsulariak entzunen genituela Senpereko besten karietarat?