43 urtez pilotarien entrenatzailea izan ondoan erretiroa hartu du Ithourriak

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

Jean Ithourria lorietan, biharko pilotari haundien ondoan. Erretiroa hartuta ere, ez da dudarik handik edo hemendik pilotaren gorabeherak segituko dituela... TTIPI TTAPA

85 urte bete dituenean pilotariak entrenatzea uztea deliberatu du

Senpertarrok ez dugu sekulan aski eskertuko Jean Ithourriak pilotaren alde egin duen lana. Hitzak Jakes Casaubon pilotazalearenak dira. Bi gizonak lagun haundiak dira. Gan den otsailean, 85 urte bete zituen Ithourriak eta deliberatu zuen pilotariak entrenatzea uztea. Haatik, Jeanek ez du ahanzten lau hamarkadetako bide hori egin duela bere andrearen laguntza izan baitu beti...

43 urtez pilotari gazteak trebatu eta lagundu ditu Jeanek. Bertzalde, Senpereko bestetako astelehen arratsalde hutsa alaitzeko, gazteen arteko zoingehiagoka apaila­tzea pentsatu zuen eta lan hortan aritu da 34 urtez.

Aurten ere, pilotari gazte-gazteak agerrarazi zituen Jeanek duela urte batzuk Chabatene, Santiago eta Théophile aritzen ziren karrika nagusiko errebotean. Sari emateen ondotik, kirol taldeko arduradunek opari bat eman zioten Ithou­rriari, eta bihotzetik eskertu zuten urteetan eman duen laguntza haundia. Pilota partidak ikusten ari zirenek esku zarta luze eta hunkigarriekin eskerrak eman zizkioten senpertar ezagunari. Biba zu Jean, goresmenak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun