Urtero bezala, ekitaldiz betea etorri zaigu uztaila. Aurten Pottokaren Eguna berriz Saran eginen da. Uztailaren 25ean izanen da goizetik hasita egun osoan errebotean. Biharamunean, leku berean, kermeza ospatuko da. Baina beste bi egun nagusi horien aitzinetik, hemengo produktuen eta eskulangintzaren merkatua eta Zazpiak Bat Dantza Taldearen besta eginen dira, uztailaren 12an lehena, eta 18an bigarrena. Horrez gain, hiru kantaldi entzuteko aukera izanen da hilabetea finitu baino lehen. Uztailaren 16an Ukraniako Elviveko opera ariko da Elizan eta aste bat geroago, 23an, Saiberri eta Diabala taldeak. 30ean Ainhoako Atsulai koralaren txanda izanen da, baina hau Santa Kattalinan ariko da. Kanpoko dantzek ere tartea izanen dute egitarau huntan. Larunbatean Espainiako dantzak eskainiko dira, eta igandean zortzi, berriz, Martinikakoak. Ekitaldi horiez gain joko garbi partidak, euskal dantzak, eta herri kirol erakustaldiak ikusten ahalko dira astelehen, astearte eta asteazkenetan, hurrenez hurren.