Ihiztarien ezohiko batzarra

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

Sarako ihiztariak joan den hilabetean bildu ziren heldu den denboraldiko norabide nagusiak adosteko eta ihizi federazioak eginiko eskaintza bat aztertzeko. Federazioak ihizia hiru urtez hestea proposatu die eta bizkitartean erbientzako eta faisanten­tzako parkeak egitea hauen kopurua emendatzeko. Gastuen %70 bere gain hartuko duela zioen, baina hiru urteetan erbi eta faisanta gehiago ez bada, neurria urtez urte luzatzeko ahalmena hartuko luke. Horrez gain, sekulan iruzur edo akats bat sumatzen bazuen ihiztarien artean, emandako sos guztia itzultzea exijitu zuen. Ihiztariak aurka agertu dira, baina haien gisara neurri batzuk hartu dituzte. Larunbat eta igandetan bakarrik ihizatzen ahalko dira erbiak eta faisantak. Asteazkenetan ateratzen ahalko da, baina zizpik gabe. Aldiz, egun horretan azeri ihizia onartua izanen da, baina bakarrik taldean. Erbiei dagokienez, azken bi urteetan indarrean emandako eraztunen sistema bertan behera utzi dute, eta lehengo sistemara itzuli dira: ateraldi bakoitzean bat baino gehiago ez. Uso ihizia­ri begira, berriz, ez dute aipatu heldu den urtean abatalaririk egonen den Gaztain Lepon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun