Dotore pasatu ditugu aurtengo Sanjoanak. Bost egun izandu dira jai, erdian atseden egun batekin, astelehenean ez baitzen bestarik izandu. Jendeak belarrari edo gorputzari buelta emateko aprobetxatu zuen eguna. Ederki joan ziren lagun arteko afariak, musa, pilota partidak, plater- tiroketa, musika, haurren eguna eta bezperako suak.
Sanjoan Eguneko herri bazkariarekin biribildu ziren bestak. Leporaino bete zen ostatua, eta, bazkalondoan, jendea fuerte aritu zen kantari Modesto aranztarrak lagunduta. Gainera, bertsotan egitera etorri ziren Patxi Etxeberria eta Joxe Agirre Oranda. Oraindik sasoian daudela erakutsi zuten. Hona hemen horren seinale, bertso pare baten akabilak:
Patxi Etxeberria:
...lehen banekin, bai, baina gaur ere
harritzen nago jarria;
ez da bilatzen erreza orain
hola biltzen dan herria.
Joxe Agirre:
...baina Saldiasen gauza txarrikan
lehendik ez nuen espero;
herri txikirik ez da izaten
hola elkartu ezkero.