Merezitako omenaldia eskaini diote aurtiztarrek Unai Apeztegiari

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

Unai Apeztegiaren omenaldiko momentuak. TTIPI TTAPA

Egun berean, duela urte batzuk Sanjuan bezperan egiten zen besta berreskuratu zen

Duela urte batzuk berendu-afaria egiten zen Sanjuan bezperan Beteneko atarian eta gero, Dantza Luzea dantzatzen zen. Aurten ohitura hori berreskuratu nahian Aurtizko gazteek afaria eta besta antolatu zuten ekainaren 20rako.

Afaria aitza­kiatzat hartuta, aurtiztarra den Unai Apeztegia pilotari ohiari omenaldi xume bat egin zitzaion. Herriko neska gazteek karrizk karrika buelta eman zuten trikitixa eta pandero soinu artean, omenaldiaren hasiera adieraziz. Gero pilota partida berexi batek izan zuen segida. Unai Apeztegiak jokatu zuen bere pilotari ibilbidean lagun izan dituen pilotari batzuekin. Apezetxea eta Apeztegia, Arraztoa eta Otxandorenaren kontra aritu ziren. 22ra ailegatzen lehenak Unai eta Apezetxea goizuetarra izan ziren, eta halako batean, sorpresaz, joare soinuak entzun ziren. Aurtizko joaldunak hantxe agertu ziren frontoian. Joaldunak euren itzulia egin zutenean, aurreskua dantzatu zuten Kepak eta Bidanek.

Frontoiko ikuskizuna bukatu ondotik, denak elkartera joan ziren. Elkartea leporaino bete zen, 75 lagun inguru bildu baitziren. Afaria buka­tzear zela, Oihana Mindegia eta Oihana Elizaldek trikitixa eta panderoa hartu eta eurek prestaturiko bertsoa kantatu zuten elkartean zeuden jende guziaren laguntzarekin. Besta arrunt giro onean joan zen, goizaldera arte aritu zen Joxe Angel akordeoilaria besta alaitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun