Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Sunbilla, Doneztebe, Bertizarana, Baztan, Oitz, Urrotz eta Zugarramurdiko udalek bat egin dute Etxalarko Udalak zonalde osoan aurkeztutako mozioarekin. Mozio horretan Correosek ezarri nahi duen buzoi kontzentratuen sistemaren kontra daude. Eta horren harira, uztailaren 2an, agerraldia egin zuten herrietako udal ordezkariek Herriko Etxean.
Etxe bakarrak, baserriak edo «diseminado» izendatutako eremu berezietan buzoi kontzentratuak paratu nahi ditu Correosek. Hasieran uztailaren 1etik aitzinera egitekoa zen aldaketa, baina azkenean, urriaren 1era gibeleratu du.
Legeak «diseminado» aipatzen duenean, auzoak direla berretsi zuten alkateek eta gaineratu zutenez, «zerbitzu publikoak egunerokotasunean erabiltzen dituzten pistak egoera onean daude eta Correosek ez du inolako arazorik eduki behar etxe horietara ailegatzeko».
Udalen ekimenarekin bat eginez, Nafarroako Parlamentuan mozioa aurkeztekoa da NaBai, Nafarroan etxez etxeko posta banaketa indarrean dagoen eremuetatik kentzea galerazte aldera, Nafarroako Gobernuak gestioak egin ditzan Espainiako Gobernuarekin.