Aurten lehenbizikoz, Sanjuan arratsa, urteko arratsik motzena, herriko plazan ospatu zuten herritarrek. Ilunabarrean berendu-afaria egin zuten frontoian, bakoitzak etxetik eramandako janari eta edariekin. Ondotik, ohiturari segituz, haurrek herriari buelta eman zioten joare batekin kantari. Azkenean, 21:30ean bi su piztu zituzten plazan eta saltoka aritu ziren haur eta helduak. Suaren inguruan kantari ere aritu ziren batzuk, tartean Amaia Zubiria abeslari ezaguna, lagun batzuekin. Antolatzaileak gustura zeuden herriko plazan egitearen ideia hagitz ongi atera zelako. Hurrengo urteetan ere mantenduko dute lekua.