N-121Ako Bera eta Irun arteko zati berria zabalik

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

TTIPI TTAPA

60 milioi euro kosta dira lanak

Iragarri bezala, ekainaren 26an, inauguratu zuten ofizialki Endarlatsako zubian N-121A errepideko lanen barrenean, Bera eta Behobia lotzen dituen zati berritua. Ekitaldian, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoa­ko ahaldun nagusia izan ziren, Bortzirietako udal ordezkariekin batera. Olanok adierazi zuenez, bi herrialdeak «anaiak» dira, eta bien arteko «harremana sakondu» egin behar da «arlo ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoan». Sanz ere harremanari eustearen alde agertu zen: «ezin dugulako bizkarra emanda bizi».
Lanek 60 milioi euroko aurrekontua eduki dute. Horietatik 52 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu eta zortzi Nafarroako Gobernuak. 6,6 kilometroko errepidea da; berria %60ean. Hiru lerro ditu zati gehienean eta bi tunel: bata 477 metrokoa Lamiarrin eta bertzea 105ekoa Intxaurretan. Horrez gain, lau bidezubi ditu, 98 metrokoak gehienak. Endarlatsa parean 190 metroko zubia eraiki dute.

26 hilabeteko lanak

2004ko maiatzean lanak egiteko hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak eta lehiaketa bidez, Mariezkurrena, Zubi Eder, Nortunel eta Urssa Aldi Baterako Enpresen Elkarteak egin du obra 26 hilabetez. Endarlatsako zubi berria Javier Manterola ingeniari nafarrak diseinatu zuen: 190 metro luze ditu eta 1.000 tona altzairurekin egin da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun