Tokiko komunikabideak sortzen aitzindaria izan zen Ttipi-Ttapa. Duela 29 urte ekin zion ibilbideari, eta geroztik, Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea eta Xareta aldeko herritarrei eskualdeko gertaeren berri emateko lanean ari da. Bidean hainbat «zailtasun ere gainditu ditu baina aitzinera egin du». Hain zuzen horregatik, «tokiko komunikabideetan lehenbizikoetarikoa izan zelako», «komunikazio - egitasmoak egoki erantzuten diolako xede duen gizarte nafarrari», «egoera zailetan aurrera begiratzeko eta bertze hedabide batzuekiko sinergiak bilatzeko kemena izateagatik» eta «zailtasunak zailtasun, euskara hutsezko kazetaritzaren adeko apustu ausarta egiteagatik» jaso zuen joan den ekainaren 27an Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren Ohorezko Aipamena Andoainen (Gipuzkoa). Ttipi-Ttaparen izenean Pello Apezetxea presidenteak eta Joxemanuel Irigoien kudeatzaileak hartu zuten aipamena.
1988an lehen aldiz
Rikardo Arregi Kazetaritza Saria Andoaingo Udalak 1988an sortu zuen, euskarazko kazetaritza bultzatzeko eta indartzen laguntzeko. Andoaindarra zen Rikardo Arregiren izena jarri zitzaion sariari, euskal idazle, kazetari eta kultur eragile haundia izan zelako. Aurtengo sari nagusia Txinako berriemailea den Olatz Simon EITBko kazetariak jaso zuen, euskaraz Txinan egindako erreportaje sortagatik. Kazetari berria saria Argia astekariko Gorka Bereziartuarentzat izan zen eta laugarren saria Euskadi Irratiko Kostaldeko trena irratsaioak jaso zuen.
Ttipi-ttapak hainbat sari eskuratu ditu
Ttipi-Ttaparen lanak lehen ere jaso ditu aipamenak. 1995ean Argia Saria jaso zuen, «euskarazko irakurleak ia deusetik sortzeko apustua egiteagatik eta herri prentsako erreferentzia nagusietako bat den eta Nafarroako eskualde oso bati bizi berri bat eman diolako».
1997an ere Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuen, Entzun! musika aldizkariarekin batera, «euskararen erabilerarako mundu berriak eskuratu zituztelako». Ttipi-Ttaparen kasuan, «euskarazko prentsaren munduan, aldizkariko informazio guziarekin, edizio elektronikoa Internet sarean eskaini duen lehena» izateagatik. 1996ko uztailaren 5ean hasi zen Interneteko edizioa argitaratzen.
1990ean Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak Lamien Urrezko Orrazia izeneko saria ere eman zion «hamaboskariaren alde emandako pausoarengatik» eta 1991n, berriz, Arkupeak elkarteak.