Bidasoa eta Belagua arteko 276 mugarriak lotzen dituen ibilaldia

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

Argazkia: Ttipi-Ttapa 16 etapatan banatu dute 206 kilometroko ibilbidea. Horietako aunitz eskualdean barna pasatzen dira. TTIPI TTAPA

Endarlatsako zubi zaharretik hurbil, Bidasoa ibaiaren eskuinaldean. Hantxe dago Nafarroa eta Iparraldearen arteko lehenbiziko mugarria, eta Intzola lepoan, Hiru Erregeen Mahaitik hurbil, azkena, 276. mugarria. Pixka bat lehenago, berriz, urtero Hiru Behien Zerga egiten den San Martin Harrian, 262.a, 1858. urtea idatzia duela. Urte horretan paratu baitzuten. Bi datu horiek izan ziren, hain zuzen, Iñaki Vigor eta Carlos Sanzen artean jakin-mina sortu zutenak: «Zenbat mugarri daude Nafarroa eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren artean? Zer zegoen 1858. urtearen aitzinetik?». Eta galdera horiek bultzatuta Nafarroa eta Iparraldearen arteko mugarriak jasotzen dituen Travesía de los mugarris liburua idatzi dute. Hortxe bilduak daude 206 kilometroko tartean dauden 276 mugarriak, 16 etapatan banatuak. Historiako pasarte andana ere jaso dituzte liburuan, hala nola, 1856ko Baionako Ituna, mugarrien kokapena zehaztu zuena.

Historian hainbatetan aldatu izan dira Nafarroaren mugak. X. eta XIII.mendeen artean, erraterako, Aragoi, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurrak bere baitan hartzen zituen Nafarroak. XII. mendearen akabera aldera, baita Nafarroa Behereakoak ere. Baina Espainia eta Frantziaren konkisten ondotik, banatua gelditu zen. 1530etik 1856 urtera arte Nafarroako Pirinioe­tako mugak finkatzen ibili ziren bi estatuak eta 1856an Baiona­ko Ituna sinatu zutenean, zehaztuak gelditu ziren. Bi urte beranduago paratu zituzten mugarriak. Ordukoak dira Travesia de los mugarris liburuan ageri diren harrimugak. Lehenagotik Elizondoko Ituna ere sinatu zuten, 1785ean, gerora adostu zuten itunaren oinarri izan zena.
Mugarriak duela 150 paratu baziren ere, Iñaki Vigor eta Carlos Sanzena izan da mugan barna mendi ibilaldia proposatu duen lehen lana, nahiz eta Carlos Bardeci bilbotarrak ia mugarri guziak bisitatuak zituen eta haren laguntza «ezinbertzekoa» izan duten. «Gure herrialdea hobeki ezagutzeko aukera eskaintzen du liburuak, bi estatuek euskal lurraldea zergatik banatu zuten planteatzen du, duela 150 urte euskaldunen iritzia kontuan hartu gabe zehaztu zen muga ezagutze­ko aukera». Horrela azaldu digu Vigorrek.

47 tontor eta 31 herri

2007ko martxo bukaeran hasi eta urte bereko irailean amaitu zuten 16 etapatan banatu duten zeharkaldia. 206,2 kilometroko luzera du eta 47 gailur eta 31 herri zapaltzen ditu: Hego Euskal Herriko 11 eta Ipar Euskal Herriko 20. Tartean eskualdekoak: Azkaine, Sara, Senpere, Bera, Etxalar, Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko lurrak.
Historiako pasarteez gain, bertzelako informazio osagarriak ere ageri dira liburuan: megalitoak, kontrabandisten kontuak, bunkerrak... «Gure ustez, mendiza­letasuna ez da ibiltzea bakarrik, alderdi kulturalak ezagutzeko ere balio dezake». Jakingarri interesgarriak ere bildu dituzte. Horien artean, 36. mugarriaren ondoan dagoen lau metro luzeko harrizko mahaiari buruz kontatu dutena. Mahai gainean Mahain harria dago idatzia, eta mahai erdia Berakoa da eta bertze erdia Sarakoa. Toki horretan, oraindik ere Bera, Etxalar eta Biriatu, Urruña, Azkaine eta Sararen artean mugalarreen hitzarmena sinatzen dute, bortz urtean behin. Herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita oihaneko suteetan elkar lagun­tzeko bitartekoak paratu ere. Mahai horren inguruan, bertze bi mugarri daude, eta horietako batek, Urdazubiko Monasterioaren mugak markatzen omen zituen monasterioak indar haundia zuen garaian.
Aipatzekoa, halaber, 1856ko Itunean, Iparlako mendilerroa bere horretan muga «natural» gisa hartu zutela ere, eta gailur osoan mugarri bakarra paratu zutela, 90. harria. Hurrengoa Izpegin dago, zortzi kilometrora.
Kintoan muga zuzena markatu zutela ere azpimarratu dute liburuan. «Afrikako herrialde aunitzetan mugak lerro zuzenarekin finkatu ziren. Gisako zerbait egin zuten espainiarrek eta frantziarrek Euskal Herriko hainbat tokitan, bereziki Kintoan. Baztango Zagua gainetik Izterbegiraino marra zuzena egin zuten, eta hemendik Lindusera bertze bat. Bi zati hauetan ez ziren irizpide orografikoak hartu kontuan, marraztu zutenen interesak baizik». Kintoa Baztan eta Erro bailarena da, baina urteko kuota ordainduz, baigorriaren esku gelditzen dira larreak.

Hiru desio

Liburua kalean, hiru desio eskatu ditu Vigorrek: «bat, egunen batean Espainia eta Frantziak barkamena eska dezatela euskal lurraldea bitan banatzeagatik. Bi, oraindik indarrean dirauen 1856ko Mugen Ituna baliogabetu dezatela. Eta hiru, mugaren bi aldetako herritarrak ados jarri eta laguntzak eska ditzatela Europan Mugarrien Ibilbidea garbitu eta seina­lez­ta­­tzeko. Esanahi historikoaz gain, turis­tak erakartzeko balio dezakeela uste dut».
Mugarriak «behartuta» paratutakoak izanik, zergatik mantendu behar diren galde lezake norbaitek. Hona hemen Vigorren erantzuna: «mantendu behar direla uste dut, egunen batean behartuta ezarritako muga desagertu eginen delako. Egun horretan 276 mugarriak inposatutako banaketaren lekuko historikoak izanen dira». Bere garaian, kontrabandistek baliabide ekonomikoak eskuratzeko baliatu zuten muga, mendizaleek gutti bisitatuak diren inguru zoragarriak ezagutzeko aprobetxatzea da, azken batean, egileek proposatu dutena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun