Bigarren urtez segidan, Unai Bertiz sunbildarrak irabazi du Nafarroako Harri-Altxatze Txapelketa

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

650 kiloko aldea atera dio bigarren sailkatu den Josetxo Urrutia leitzarrari

Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatzen ari dira Iruñeko Sanferminetan. Horietako aunitzetan Nafarroako txapeldunak erabakitzeko dira, eta tartean eskualdeko kirolariak ari dira. Emaitza onak eskuratzen ari dira. Aipatu, saio guztiak Iruñeko Foru Plazan ari direla jokatzen eta 12:00etan direla.

Bigarren urtez segidan, Unai Bertiz sunbildarrak jantzi zuen Nafarroako Harri-Altxatze Txapelketa atzo, ortzeguna. Gainera, iaz baino alde haundixeagoa atera zion Leitzako Josetxo Urrutia bigarren sailkatuari, 650 kilokoa, hain zuzen; joan den urtean 100 kiloko aldea atera zion. Hiru harriren artean 6.037,5 kilo jaso zituen guztira Bertizek –iaz 5.812,5–.

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa ere jokatu zen egun berean eta finalerako txartela lortu zuten bortz aizkolarien artean hiru eskualdekoak izan ziren: Ruben Saralegi (Iruñea-Leitza, 3:37), Asier Pellejero (Areso, 4:04) eta Raul Castro (Urrotz, 4:17). Finala uztailaren 26an Elizondon jokatuko da. Aipatu, kanporaketan parte hartu zuten 12 aizkolarien artean, Santiago Olano leitzarra tartean zela.

Ortziralean, XI. San Fermin Motozerra Txapelketa

Oraindik ere izanen dira herri kirol jaialdiak Sanferminetan. Hala, ortziralean, uztailak 10, XI. San Fermin Motozerra Txapelketa jokatuko da. Hiru lagunek parte hartuko dute eta horietatik bat eskualdekoa izanen da: Oieregiko Esteban Arruti. Lau saiotan banatuko da euren lana: 15 zentimetrotan 5 korte, abiaduran; 20 zentimetrotan korte kopuru haundiena, norabide desberdinetan; 20 zentimetrotan korte kopuru haundiena (zutik), epaiak erori gabe eta 100 zentimetrotan eta 15 minututan irudi bat egitea.

Gisa berean, harri-jasotze erakustaldia ere eskainiko dute Mikel Saralegik eta Aitor Oiarbidek, eta Nafarroako eta Gipuzkoako aizkolari gazteak ere ariko dira: Nafarroatik Arkaitz Olano, Ruben Saralegi eta Julen Kañamares eta Gipuzkoatik Jokin Alkizalete, Aratz Mugertza eta Ugaitz Mugertza.

Larunbatean, Nafarroako Txinga-Eramate Txapelketa eta Ingude Altxatze Txapelketa

Nafarroako Txinga-Eramate Txapelketa igandean jokatuko da, bai gizonezkoena eta bai emakumezkoena ere. Gizonezkoetan Mielajel Sukuntza leitzarra dago momentuz izen-emandako eskualdeko kirolarien artean. Emakumezkoetan, berriz, Narbarteko Esther IRiarte, Lesakako Estitxu Almandoz eta Urdazubiko Maite Bengoetxea dira lehiatuko direnak. 28 metroko plazan, gizonezkoek 50na kiloko txingak erabiliko dituzte eta emakumezkoek 25ekoak, eta metro gehien egiten duena izanen da txapelduna. Gogoan izan, iaz Esther IRiarte eta Mielanjel Sukuntza gailendu zirela.

Ingude Altxatze Txapelketa
Nafarroako INgude Altxatze Txapelketa ere larunbatean jokatuko da. Gizonezkoetan parte hartuko duten lau gizonezkoak eskualdekoak ditugu: Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrak, Karlos Sein igantziarra eta Joakin Aioroa iturendarra. 18 kiloko ingudea erabiliko dute, eta minutu eta erdiz ahalik eta jasoaldi gehien egiten ahaleginduko dira. Parte hartuko dute emakumezkoak, oraingoz, Maite Iriarte eta Ane Verde narbartearrak dira. 9 kiloko ingudea erabiliok dute, eta minutu eta erdiz ahalik eta jasoaldi gehien egin beharko dituzte. Joan den urtean, Xabi Sein igantziarra eta Maite Iriarte narbartearra izan ziren txapeldunak.

Igandean, Nafarroako Bikotekako Aizkora Txapelketa eta Nafarroako Orga Joko Txapelketa

Nafarroako BIkotekako Aizkora Txapelketan hamabina pago-enbor –sein kanaerdiko eta sei 60 ontzako– ebakitzea izanen da aizkolarien lana. Hiru dira parte hartuko dute bikoteak: Floren Nazabal-Joxejuan Barberena; Donato-Larretxea-Antonio Senosiain eta Juan Jose Lopez eta Miel Mindegia. Miel Mindegia eta Juan Jose Lopez elkarrekin lortutako bigarren txapelaren bila joanen dira. Joan den urtean 22 segnduoko aldea atera zieten bigarren sailkatu ziren Floren Nazabal eta Daniel Vicenteri.

Orga Joko Txapelketa
Azkenik, erran, Nafarroako Orga Joko Txapelketa ere jokatuko dela Iruñeko herri kirol jaialdian. Oraingoz hiru lagunek eman dute izena eta guztiak eskualdekoak dira: Joseba Petrirena iazko txapelduna (Bera), Mikel Pikabea (Bera) eta Josetxo Urrutia (Leitza).

Horrez gain, arpana erakustaldia eta Harri-jasotze erakustaldia izanen da ikusgai, tartean Iñaki eta Inaxio Perurena aita-semeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun